Mundua -
BILERA
Macron eta Starmer Trumpekin bilduko dira datorren astean, Ukrainari buruz hitz egiteko
Macronek Europako buruzagien jarduna gidatu nahi du, eta datorren astean Etxe Zurian izango da, bai eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa ere, Ukrainari buruz hitz egiteko.
Agentziak | EITB MEDIA
Macron zein Starmer Washingtonera joango dira datorren astean Donald Trump AEBko presidentearekin biltzeko asmoz, Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkulariak jakinarazi duenez.
"Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako bozeramaileekin hitz egin berri dut telefonoz eta zera esan diet: Ondo deritzogu Europa negoziazioan sartzeari eta segurtasun bermeak eskaintzeari. Europari ongietorria ematen diogu", azpimarratu du Waltzek.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak babesa adierazi dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari, "demokratikoki hautatua" izan delako, eta "gerra garaian hauteskundeak bertan behera uztea guztiz zentzuzkoa" dela adierazi du, Erresuma Batuak Bigarren Mundu Gerran egin zuen bezala.
Starmerrek Zelenskirekin egindako deian elkarrekin lan egiteko "beharra" nabarmendu du, eta Ukrainan bake "iraunkorra" lortzeko Estatu Batuek egindako ahaleginari babesa eman dio, Errusiari "etorkizunean beste edozein eraso" burutik kentzeko.
Aurretik, Mark Rutte NATOren idazkari nagusiarekin telefonoz hitz egin du, baita Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin ere.
"Europak bake fidagarri eta iraunkorra behar du, eta hori segurtasun-berme sendoen gainean bakarrik ziurtatu eta eraiki daiteke. Asko baloratzen dugu horri buruz dugun jarrera bateratua. Gure hurrengo konpromiso diplomatikoak koordinatu ditugu. Frantziak guk bezainbeste baloratzen du askatasuna ", esan du sare sozialetan.