Mundua -

Gazako su-etena

Israelek akordioa urratu du, ez baititu askatu larunbatean libre utzi behar zituen 600 preso palestinarrak

Netanyahuk esan du ez dituela larunbatean Hamasek libre utzitako sei bahituen truke askatu behar zituzten preso palestinarrak kaleratuko hurrengo bahituak aske geratuko direla ziurtatu arte. Hamasek iragarri du ez duela Israelekin negoziatzen jarraituko preso palestinarrak askatu arte.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du atzeratu egin duela larunbat honetan libre utzi behar zituen 600 preso palestinarren kaleratzea, eta ez dituela askatuko Hamasek hurrengo bahituak libre utziko dituela ziurtatu arte.

"Atzo libre geratu behar ziren terroristen askatzea atzeratzea erabaki dugu hurrengo bahituak ekitaldi iraingarririk gabe askatuko dituztela ziurtatu arte", adierazi du Israelgo Gobernuak ohar batean.

Palestinako Gobernuaren Atxilotuen eta Atxilotu Ohien Gaietarako Batzordeak geroxeago baieztatu du albistea: "Preso palestinak askatzea atzeratu du Israelgo okupazioak".

Hisham al-Sayed beduinoa atzo arratsaldeko lehen orduan libre utzi zuten, eta hori eginda aurreikusitako sei bahituen askapena gauzatu zen arren, preso palestinarrak libre uzteko zain geratu ziren palestinarrak, eta azkenean Netanyahuk esan zuen ez zirela libre geratuko Hamasek su-etenaren akordioa "behin eta berriz urratu" duelako, "propaganda helburuekin bahituak gutxiesten dituzten ekitaldiak" egin dituelako.

Larunbat honetan, aurreko asteetan bezalaxe, Hamasek eszenatoki baten gainean, miliziano islamistez inguratuta, askatu ditu bahituak. Gainera, gauean zabaldutako bideo batean, beste bahitu batzuk ikus daitezke Netanyahuri su-etenean aurrera jarrai dezala eskatzen.

Israelek su-etenaren akordioa urratu du, eta iragarri du ez dituela atzo libre utzi behar zituen presoak askatuko Hamasek hurrengo bahituak askatuko dituela ziurtatu arte. Hala ere, Gobernuaren oharrean ez da zehazten zein bahituri buruz ari den, ostegunean entregatu behar dituen lau gorpuez (su-etenaren lehenengo faseko azkenak) edo Gazako Zerrendan bahituta jarraitzen duten gainerakoez.

Preso palestinarren senideak kartzela atarian, zain

Preso palestinarren dozenaka senidek Ramallahn jarraitu dute, egun hauetan Zisjordania okupatuan duten hotzaldia eta kazkabarra gorabehera. Batzuek gobernazioak egokitutako bi hoteletan igaro dute gaua, baina beste batzuek, haurrak dituzten familiak barne, beren autoetan egin dute lo.

"Atzo aterako zela espero genuen, bere izena zerrendetan zegoen. Goizaldeko ordu bata arte itxaron genuen, baina, zoritxarrez, erabakia ezustekoa eta shock bat izan zen guretzat", azaldu die senideetako batek albiste-agentziei.

Hamasek uko egin dio Israelekin negoziatzeari, presoak askatu arte

Mahmud Mardaui Hamasen buruzagiak igande honetan ohartarazi duenez, bere alderdiak ez du Israelekin negoziatzen jarraituko, harik eta Israelgo agintariek adostutako 602 presoak askatu arte.

Nentanyahuk ohartarazi du prest daudela "borroka intentsiboari" berehala ekiteko Gazan

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bestalde, ohartarazi du Indar Armatuak prest daudela Gazako Zerrendan "borroka intentsiboari" berriro ekiteko, eta prest dituztela "plan operatiboak".

"Gure bahitu guztiak, salbuespenik gabe, etxera itzuliko dira", ziurtatu du. "Hamasek ez du Gaza gobernatuko. Gaza desmilitarizatuta egongo da, eta bere borroka indarra desegingo da", azpimarratu du. "Garaipena! Garaipena! Eta garaipena bakarrik!", esan du Indar Armatuen kadeteen graduazio zeremonia batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Hamas Benjamin Netanyahu