Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenski kargua uzteko prest, trukean Ukraina NATOn sartzen bada
Errusiaren inbasioaren hirugarren urteurrena betetzear den honetan, nazioarteko goi-bilera bat egingo dute astelehen honetan Kieven, atzerriko 13 buruzagik presentzialki eta beste 24k telematikoki.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea karguari uko egiteko prest egongo litzateke, trukean Ukrainari NATOn sartzeko aukera ematen bazaio. "NATOrekin truka dezakegu hau. Baldintza horietan, berehala", iragarri du Kieven emandako prentsaurreko batean, Donald Trump AEBko presidenteak hauteskundeak deitzeko egin dion eskaerari buruz galdetu diotenean.
Trumpek Zelenskik hauteskundeak deitzea nahi du, Errusiarekin bake-akordioa sinatu ahal izateko. "Diktadorea" ere deitu zion Trumpek duela egun batzuk. Europar Batasunak berehala erantzun zion Trumpi esanez Zelenski "hauteskunde justu eta demokratikoetan" aukeratu zutela, "Putin ez bezala".
Berez, iazko maiatzean amaitu zuen agintaldia Zelenskik, baina karguan jarraitzen du, hauteskundeak deitu gabe, gerra garaian debekatuta dagoelako, legez, Ukrainan hauteskundeak deitzea.
"Legez hautatutako presidentea naiz, ez indarrez edo boterea hartu nuelako, boto-emaileen % 73k nire alde bozkatu zutelako baizik", adierazi du Zelenskik, 2019an egindako hauteskundeetan lortutako emaitzak gogora ekarrita.
"Ez dut ukrainarrek belaunaldiz belaunaldi ordaindu beharko duten ezer sinatuko"
Trumpek Ukrainako baliabide naturalak lortzeko duen asmoari buruz, AEBk Ukrainako baliabide naturalen % 50 beretzat hartzeko proposatutako akordioa sinatzeko prest agertu da Ukrainako presidentea, Ukrainarentzat segurtasun bermeak lotzen badira. Hala, argi utzi du ez duela sinatuko ukrainarren hainbat belaunaldiren etorkizuna hipotekatzen duen ezer. "Ez dut ukrainarrek belaunaldiz belaunaldi ordaindu beharko duten ezer sinatuko", berretsi du.
Bidenek diru asko "xahutu" duela Ukrainan eta trukean nahi dutena har dezaketela uste du Trumpek, eta hortik dator Ukrainako baliabide naturalekin geratzeko asmoa. Ukrainak AEBrekin parteka ditzakeen baliabide naturalei dagokionez, Errusiaren kontrolpean dauden gordailuetan daudenak tratuan sartzeko aukera planteatu du Zelenskik: "Egin dezagun 50-50, lurralde okupatuak barne", esan du Ukrainako presidenteak, horrek Kievi lurralde horiek berreskuratzen laguntzeko AEBren interesa suspertuko duelakoan.
Zelenskik onartu du Ukrainak bere bazkide nagusiaren babesa behar duela, baina adierazi du herrialdeak ezin duela "duintasuna eta independentzia" galdu akordio horrekin.
37 buruzagiren topaketa Kieven, astelehen honetan
Bestalde, Ukrainako presidenteak iragarri duenez, astelehen honetan, Errusiaren inbasioaren hasieraren hirugarren urteurrena dela eta, nazioarteko goi-bilera egingo da Kieven, eta bertan izan dira presentzialki atzerriko 13 buruzagi. Beste 24 buruzagik telematikoi hartuko dute parte bileran.
Zelenskiren esanetan, Europako Batzordeko presidentea, Ursula von der Leyen, Ukrainako hiriburuan izango da, EBko 24 komisariorekin batera.
Gerraren amaiera lortzeko urrats berriei buruz hitz egiteko balioko du goi-bilerak, baita gatazka amaitu ondoren Ukrainarako segurtasun bermeei buruz hitz egiteko ere, Zelenskiren arabera.
Bestalde, Europar Batasuneko buruzagiek ezohiko goi-bilera egingo dute martxoaren 6an, Ukrainaz eta Europako defentsaz hitz egiteko, diplomazialariek igande honetan iragarri dutenez.