Mundua -

Gerra Ukrainan

Kievek eta Washingtonek Ukrainako baliabide naturalei buruzko akordioa itxi dute

Kievek ez du lortu akordioak aurreikusten dituen onura ekonomikoen truke AEBk idatziz konpromisoa hartzea militarki laguntzen jarraitzeko.

Irudia: EITB
Irudia: EITB
Zelan baldintza dezakete Ukrainako lur arraroek gerrari amaiera emateko prozesua?

1:24

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kievek eta Washingtonek akordioa itxi dute, Ukrainako baliabide naturalen ustiapenarekin lortzen diren irabazien % 50 inbertsio-funts bateratu batera bideratzeko. Hori bai, AEBk funts horren gainean erabakitzeko ahalmen handiagoa izango du, eta "Ukrainako ekonomian inbertsioak egiteko balioko du".

Hala baieztatu diote Ukrainako presidentearen bulegoko iturriek Kyiv Independent egunkariari.

Ukrainska Pravdaren arabera, Kievek onartutako azken dokumentuak baztertu egiten ditu AEBk aurkeztutako aurreko zirriborroetan jasotako baldintza batzuk. Besteak beste, Washingtonek nahi zuen funtsari 500.000 milioi dolarreko ekarpena egin behar izatea.

Hala ere, Kievek ez du lortu akordioak aurreikusten dituen onura ekonomikoen truke AEBk militarki laguntzen jarraitzeko konpromisoa idatziz adierazterik.

Itxitako akordioaren klausuletako batek debekatu egiten du funtsetik dirua hirugarrenei transferitzea, bi estatu titularrak ados egon ezean.

Sinadura ekitaldia, ostiralean

Donald Trump AEBko presidenteak gaur azaldu duenez, litekeena da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin ostiralean Etxe Zurian biltzea akordioa sinatzeko. "Ostiralean etorriko dela entzun dut. Egia esan, niri ondo iruditzen zait berak nirekin akordioa sinatu nahi izatea", erantzun du akordioari buruz galdetu diotenean, Bulego Obalean.

Trumpen esanetan, Ukrainarekin itxitako akordioa "oso garrantzitsua da", eta estatubatuarrak "oso pozik" daude lorpen horrekin, Joe Biden demokrata (2021-2025) Ukrainan "dirua xahutzen" ari zelako.

Trumpek Kievi baldintza gisa jarri zion lur arraroen akordioa ixtea, AEBk Ukrainari laguntzeko erabilitako diruaren truke.

Zelenski akordioaren hasierako baldintzak onartzearen aurka agertu zen, gehiegizkoak zirela iritzita. Hala ere, Ukrainako presidenteak onartu zuen AEBren proposamena sinatu behar zuela, aliatu nagusiaren laguntza jasotzen jarraitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski