Mundua -
Komunikabideen kontrola
Bezosek 'The Washington Post' egunkariari "merkatu librearen" aldeko iritziak argitaratzeko agindu dio
"Beste gai batzuk ere landuko ditugu, jakina, baina oinarri horien aurkako ikuspuntuak beste batzuek argitara ditzatela", agindu die handi-mandiak egunkariko langileei. Hedabideko iritzi ataleko buruzagiak kargua utzi du erabaki hori dela eta.
Agencias | EITB Media
Jeff Bezos handi-mandiak iritzi atala aldatzeko agindua eman dio gaur The Washington Post egunkariari, eta, aurrerantzean, "norbanakoen askatasunen eta merkatu librearen" aldeko zutabeak argitaratuko ditu egunero.
"Egunero idatziko dugu bi oinarri babesteko: askatasun pertsonalak eta merkatu libreak", adierazi du Donald Trump AEBko presidentearekin gero eta lerrokatuago dagoen Bezosek egunkariko langileei bidalitako mezu batean.
"Beste gai batzuk ere jorratuko ditugu, jakina, baina oinarri horien aurkako ikuspuntuak beste batzuek argitara ditzatela", gaineratu du Amazonen sortzaileak.
David Shipley Posteko iritzi ataleko buruzagiak kargua utzi du erabaki horren ondorioz, Bezosek jakitera eman duenez.
Enpresaburuak azaldu duenez, iraganean zentzua zuen egunkariek "ikuspuntu guztiak" biltzen zituen iritzi atal bat irakurleengana eramateak, baina "gaur egun Internetek egiten du lan hori".
Aurreko hauteskunde kanpainan, Washington Post egunkariak Kamala Harris hautagai demokratari babesa emateko hartutako erabakia geldiarazi eta hauteskundeen aurrean "neutraltasuna gordetzeko" agindu zuen Bezosek.
Ameriketako Estatu Batuetako hiriburuko egunkariak demokraten presidentegaia babestu ez duen lehen aldia izan zen.
Egunkariak oso ildo editorial gogorra izan zuen Trumpekin bere lehen agintaldian (2017-2021), eta Hillary Clintonen alde egin zuen 2016an, eta Joe Bidenen alde, 2020an.
Bezosek milioi bat dolar eman zituen Trumpen inbestidurarako eta, Meta eta OpenAI erraldoi teknologikoen jabeek bezala, urtarrilaren 20an errepublikanoaren kargu-hartzean egon zen.