Mundua -
Senaturako hautagaia
Mourdock: 'Jainkoak bortxaketaren ondorengo haurdunaldia babesten du'
“Bizitza Jainkoaren opari bat dela konturatu nintzen. Nahiz eta bizitza bortxaketa baten ondorioz hasi, uste dut Jainkoak horrela erabaki duelako gertatzen dela", esan zuen Richard Murdockek.
Erredakzioa
AEBtako senataria izateko hautagai batek bortxaketaren ondorengo haurdunaldia Jainkoaren nahiarekin erlazionatu izanak polemika handia eragin du herrialde horretan, batez ere orain dela bi hilabete Todd Akin errepublikarrak sortu zuen polemika berpiztu ondoren.
“Bizitza Jainkoaren opari bat dela konturatu nintzen. Nahiz eta bizitza bortxaketa baten ondorioz hasi, uste dut Jainkoak horrela erabaki duelako gertatzen dela", esan zuen Richard Murdock Senaturako hautagai errepublikarrak telebistako eztabaida batean.
Berria hedatu bezain laister, Mitt Rommey AEBtako presidente izateko hautagai errepublikarraren kanpainako kideek “Mourdockek esandakoaren guztiz aurka dagoela” ziurtatu dute.
“Benetako bortxaketa”
“Gobernadoreak gai honekiko daukan jarrera aspaldikoa da. Abortuaren aurkakoa da, bortxakeria edo intzestu kasuetan izan ezik, eta are gutxiago amaren bizia arriskuan dagoenean. Hori izan da urte askotan zehar izan duen jarrera, eta oso sendoa izan da”, esan zuen MSNBC katean Bay Buchanan hautagai errepublikarraren aholkulariak.
Mourdocken polemika Todd Akinek orain dela bi hilabete esan zituen hitzen ostean piztu da. Egun hartan, Senatura aurkeztuko den beste hautagai errepublikarrak “benetazko bortxaketak eta beste sexu-erasoak ezberdindu zituen”.