Mundua -
Israel-Hamas akordioa
Hamasek konfirmatu du Israelek 600 preso palestinar baino gehiago askatu dituela
Hamasek lau bahituren gorpuak Gurutze Gorriaren esku utzi ostean askatu ditu Israelek preso palestinarrak, su-eten akordioaren parte gisa. Israelek baieztatu du adostutako bahituen gorpuak direla. Askatutako presoetatik 456 ospitalera eraman behar izan dituzte, osasun egoera kaskarrean zeudelako.
Agentziak | EITB MEDIA
Erakunde islamistak baieztatu duenez, Israelek 642 preso palestinar askatu ditu. Hamasek lau ustezko bahituren gorpuak Gurutze Gorriaren esku utzi ostean askatu dute, su-eten akordioaren parte gisa.
"Gure herriak gure preso heroikoetatik seiehun hartu ditu, okupatzaileen atzerapenaren ondoren, haiek askatzeko, baita okupazio faxistaren kartzeletan preso dauden gure haur eta emakume batzuk ere", jasotzen du palestinarren ohar batek.
Askatutakoen artean, 2023ko urriaren 7ko erasoaren ostean atxilotutako 445 gazatar daude, gutxienez; horietatik 46 emakume eta adingabeak ziren.
Askatutako presoetatik 456, ospitalera zuzenean
456 preso palestinar eraman dituzte Khan Yuniseko Europaren Ospitalera (Gaza hegoaldea) ostegun goizaldean. Osasun egoera oso txarrean daude, eta hurrengo orduetan 43 gehiago jasotzeko zain daude, Saleh al-Hams zentroko Erizaintza zuzendariaren hitztean.
"Horietako askok pisu asko galdu dute, 30 eta 40 kilo artean", esan zuen Al-Hamsek.
Israelgo kartzeletako higiene-baldintza eskasengatik, presoek azaleko gaitzak dituzte, besteak beste, eta "hausturak dituzte askok", baita anputazioak ere; atxilotu bati eskua moztu behar izan diote espetxean ez diotelako diabetesa tratatzeko sendagairik eman.
Ospitaleak gaineratu duenez, presoak "oso ahul" daude a eta askok ezin dute ibili ere egin, espetxean jasotako jipoiengatik. Bularrean ere kolpeak dituzte askok, eta hausturak, toraxean. Presoen artean osasun-sektoreko 15 langile zeuden.
Gorpuak identifikatuta
Isaac Herzog Israelgo presidenteak ostegun honetan baieztatu duenez, Hamasek gaur gauean entregatutako lau gorpuak Itzik Elgarat (70 urte), Ohad Yahalomi (50 urte), Shlomo Mansur (85 urte) eta Tsahi Idan (50 urte) dira.
Hori baieztatu bitartean eten du Israelek gutxienez 24 haur gatibu askatzea. Horiek askatzeak beharko luke, beraz, hurrengo pausoa.