Mundua -
Sajarov saria
Eurokamerak Sotoudeh eta Panahi disidente iraniarrak saritu ditu
Eurokamerako presidenteak bi saridunen lana, adorea eta sakrifizioak goratu ditu, kontuan hartuta, gainera, Iraneko erregimenaren jazarpena pairatzen dutela.
Erredakzioa
Europako Parlamentuak Kontzientzia-askatasunaren Sajarov Saria eman die Nasrin Sotoudeh eta Jafar Panahi disidente iraniarrei demokraziaren eta Giza Eskubideen alde egindako lanagatik. Martin Schulz Eurokamerako presidenteak eman du saridunen berri.
Sotoudeh abokatu iraniarra da, Giza Eskubideetan aditua eta Iraneko aktibistak eta oposizioko kideak defendatzeaz arduratu da 2009ko ekaineko hauteskundeen ostean, batez ere. Horrekin batera, Iranen heriotza-zigorra ezarritako adingabeak ere defendatu ditu.
Sotoudeh 2010eko irailean zigortu zuten Estatuaren segurtasunaren aurkako propaganda delitua egotzita, eta Evineko kartzelan da, bakartuta.
Panahi herkidea, berriz, zinegilea da eta Iraneko eguneroko bizitzaren alde humanistikoa erakusten du bere filmeetan, giza talde ahulenen ikuspegitik (emakumeena, adingabeena eta pobreena).
Panahil mundu mailako aintzatestea lortu zuen 1995ean, Puxika zuria luzemetraiari Canneseko Festibalean Urrezko Kamera saria lortu zuenean.
Iraneko erregimenaren jazarpena
Schulzek bi saridunen lana, adorea eta sakrifizioak goratu ditu, kontuan hartuta, gainera, Iraneko erregimenaren jazarpena pairatzen dutela "herrialdearen etorlizunaren alde egiteagatik".
Sari banaketa Strasbourgen izango da, abenduaren 12an. Saridunek saria jasotzeko aukera izan dezaten ahal duten guztia egiteko eskatu die Iraneko agintariei Eurokamerako presidenteak. Saridun bakoitzak 50.000 euro jasoko ditu.