Mundua -
Erasoa Berlinen
Behin-behinean espetxera bidali dute Berlinen ustez turista bilbotarra sastatu zuen gizonezkoa
'Bild' egunkariaren arabera, errefuxiatu siriarrak Holokaustoko biktimen monumentua aukeratu zuen erasorako juduen aurka egin nahi zuelako. Turista bilbotarra beltzarana denez, israeldartzat hartu zuen erasotzaileak, hedabide horren arabera.
Agentziak | EITB Media
Otsailaren 21ean Berlinen turista bilbotar bat sastatzeaz akusatutako gizona Karlsruheko (Alemania hegoaldea) Justizia Auzitegi Federaleko instrukzio-epailearen aurrera eraman dute ostegunean, eta epaileak behin-behinean espetxera bidali du.
Fiskal federal nagusiak egindako atxiloketa eskaera berri bati erantzunez eman du agindua; izan ere, kasuak eragin duen oihartzuna ikusita, bere gain hartu du gertatutakoa argitzeko ardura.
Bild egunkariaren arabera, errefuxiatu siriarrak Holokaustoko biktimen monumentua aukeratu zuen erasorako juduen aurka egin nahi zuelako. Turista bilbotarra beltzarana denez, israeldartzat hartu zuen erasotzaileak, hedabide horren arabera.
Ustezko erasotzailea Alemanian erradikalizatu zen, eta Estatu Islamikoa (EI) talde jihadista begi onez ikusten duen zantzuak antzeman ditu Estatuko Fiskaltzak. Horren arabera, motibazio "islamista erradikal eta antisemita" batek eraman zuen otsailaren 21ean biktimari eraso egitera. Agintarien arabera, aurretik ez du jokabide islamistarik erakutsi.
Wassim al M. izenarekin identifikatu dute erasotzailea, Leipzigeko bizilaguna da eta lesio-delituengatik hiru prozedura penal zituen irekita. Erasoa egin eta ordu batzuetara, gertakarien lekura itzuli zen bere kabuz eta ekimenez, eta Poliziaren arreta erakarri zuen, arropetan odol arrastoak zituelako.
Biktimari dagokionez, 30 urteko bilbotarrari premiazko ebakuntza egin behar izan zioten, lepoan zauri larriak zituelako, eta azken berrien arabera, ebakuntza egin ondoren, hobera egin du, eta arriskutik kanpo dago.