Mundua -
Berlingo erasoa
Berlinen larri zauritu zuten turista bilbotarra etxean da jada, alta jaso eta gero
Gaur bertan itzuli da Euskal Herrira, eta haren familiak baieztatu du "gero eta hobeto" dagoela.
EITB Media
Otsailaren 21ean Berlinen larri zauritu zuten 30 urteko turista bilbotarra etxean da jada, Alemanian alta jaso eta gero, EITBk jakin duenez.
Gaztea "gero eta hobeto" dago, haren familiaren esanetan, "eta ziur gaude hemendik aurrera askoz hobeto egongo dela".
Senideek eskertu egin dute Espainiak Alemanian duen Enbaxadak eta Barne Ministerioak emandako laguntza.
Bestalde, haren ustezko erasotzailea, errefuxiatu siriar bat, behin-behinean kartzelatzeko agindu du gaur Karlsruheko (Alemania hegoaldea) Justizia Auzitegi Federaleko instrukzio-epaileak.
Fiskal federal nagusiak egindako atxiloketa eskaera berri bati erantzunez eman du agindua; izan ere, kasuak eragin duen oihartzuna dela eta, bere gain hartu du hori ikertzeko ardura.
Bild egunkariak zabaldu duenez, errefuxiatu siriarrak Holokaustoko biktimen monumentua aukeratu zuen erasorako juduen aurka egin nahi zuelako, eta turista bilbotarra beltzarana denez, israeldartzat hartu zuen erasotzaileak.
Ustezko erasotzailea Alemanian erradikalizatu zen, eta Estatu Islamikoa (EI) talde jihadista begi onez ikusten duen zantzuak antzeman ditu Estatuko Fiskaltzak. Horren hitzetan, motibazio "islamista erradikal eta antisemita" batek eraman zuen otsailaren 21ean biktimari eraso egitera. Agintarien arabera, aurretik ez du jokabide islamistarik erakutsi.
Wassim al M. izenarekin identifikatu dute erasotzailea, Leipzigeko bizilaguna da eta lesio-delituengatik hiru prozedura penal zituen irekita. Erasoa egin eta ordu batzuetara, gertakarien lekura itzuli zen bere kabuz eta ekimenez, eta Poliziaren arreta erakarri zuen, arropetan odol arrastoak zituelako.