Mundua -
Ukrainako gerra
Trumpek umiliatu egin du Zelenski, eta eraitsi egin ditu AEBren eta Ukrainaren arteko zubiak
Etxe Zurian egindako agerraldi sinesgaitz baten ostean, Trumpek ohartarazi du ez duela Zelenskirekin negoziatuko: "Ez dago bakerako prest". Horrenbestez, lur arraroen inguruko akordioa bertan behera geratu da.
EITB Media
AEBren eta Ukrainaren arteko zubiak hautsi egin dira ostiral honetan, agerraldi sinesgaitz baten ondorioz. Donald Trump AEBko presidenteak bertan behera utzi du gaur Ukrainako lur arraroei buruz Kievekin adostutako akordioa (sinatu gabe geratu da azkenean), eta ohartarazi du ez duela gehiago negoziatuko Volodimir Zelenskirekin.
Akordioak zuzenean eta hedabideak aurrean zirela egin du eztanda, bi agintariak eta JD Vance AEBko presidenteordea Bulego Obalean bilduta zeudela.
Trumpek eta Zelenskik 30 minutu zeramatzaten kazetarien galderei erantzuten, baina egoera tenkatu egin da Vance Zelenskiri zuzendu zaionean.
Une batean, Ukrainan atzerriko presidenteak hartzen dituenean "tour propagandistikoa" egiten diela esan dio AEBko presidenteordeak Zelenskiri.
Zelenski isilik egon da, Vanceri entzuten eta besoak gurutzatuta. Tonu lasaiarekin, gerretan "denek arazoak" dituztela erantzun dio. Are gehiago, AEBk ere inoiz arazo horiek "sentitu" egingo dituela esan dio.
Adierazpen horrek haserratu egin du Trump: "Ez esan zer sentituko dugun. Arazo bat konpontzen saiatzen ari gara. Ez esan guri zer sentituko dugun".
"Ez zaude guri zer sentituko dugun esateko moduan. Oso ondo sentitzen gara, indartsu. Orain, zu ez zaude egoera onean", gaineratu du.
Trumpek gogor erantzuten jarraitu du: "Ez duzu ezer zure alde; Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasten ari zara". "Egiten ari zarena errespetu falta da herrialde honentzat", aurpegiratu dio.
Ondoren, Vancek Zelenskiri galdetu dio ea inoiz eskerrak eman dizkion AEBri emandako laguntzagatik, eta iaz Pennsylvanian munizio lantegi bat bisitatu izana leporatu dio. Hauteskunde-kanpainan Alderdi Demokrataren alde egindako keinu gisa interpreratu zuten errepublikanoek bisita hura.
AEBko presidenteak gehiago ere esan dio: "Ukrainak arazo asko ditu [...] Zaila izango da akordioa lortzea jarrera aldatu egin behar duzulako".
Horren aurrean, Zelenski tentsioa baretzen saiatu da, eta azpimarratu du iraganean eskerrak eman izan dizkiola AEBri. Gainera, "ozen" hitz egiten ari zirela komentatu du. Une horretan, Trumpek isiltzeko agindu dio: "Gehiegi hitz egin duzu dagoeneko".