Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenskik ez dio Trumpi barkamena eskatu nahi izan, eta esan du "bake justua" bilatzen jarraituko duela
AEBko presidenteak, ordea, uste du Putinen aurka egitera bideratzen duela indarra. Ukrainara laguntza militar gehiago ez bidaltzea aztertzen ari omen da Etxe Zuria.
agentziak | eitb media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du "errespetua" zor diola Donald Trump AEBko presidenteari, baina ez dio barkamena eskatu nahi izan ostiralean Etxe Zurian izandako liskarragatik. Sare sozialetan zabaldu duenez, Ukrainak "bake justua" lortzeko helburuarekin lan egiten jarraituko du.
"Oso irekiak eta oso zintzoak izan behar dugula uste dut, eta ez zait iruditzen ezer gaizki egin dugunik", adierazi du Zelenskik Fox News telebista-katean, Trumpekin ika-mika izan ostean.
Eztabaida horrek ukrainarrei mesede edo kalte egin ote dien galdetuta Zelenskik erantzun duenez, "inorentzat ez da ona izan".
"Baina ezin dut aldatu Ukrainak Errusiarekiko duen jarrera. Ez dut nahi horregatik hil gaitzaten. Oso oso argi dago gure lagun onenak estatubatuarrak eta europarrak direla, eta Putin eta Errusia gure etsaiak direla. Horrek ez du esan nahi hori horrela izatea nahi dugunik, benetako egoera zein den aitortu nahi dugu", azaldu du.
Zelenskik gehitu du eztabaida "zintzoa" izan zela, baina ez luketela kameren aurrean egin behar.
Ukrainako presidenteak, bestalde, eskerrak eman dizkie estatubatuarrei, Kongresuari eta Gobernuari hiru urteotan babesa emateagatik.
Putin kritikatzera mugatzea leporatu dio Trumpek Zelenskiri
Donald Trump AEBko presidenteak, bere aldetik, adierazi du Zelenskik ez duela "bakea lortu nahi", baizik eta Vladimir Putin Errusiako presidentea kritikatu.
"Ezin du hor geratu eta Putini buruz hau eta bestea esan, gauza txar horiek guztiak", esan du kazetarien aurrean.
Horren harira, gaineratu du Zelenskik esan beharko lukeena "bakea nahi duela" izan beharko litzatekeela.
Ukrainari laguntza militarra murriztearen inguruan galdetuta, hauxe erantzun du: "Ez du axola zer ari naizen pentsatzen. Hau bakarrik esango dizuet: nik ikusi dudana ikusi duzue. Gizon hori ez da bakea bilatzen ari, eta axola didan bakarra odolustea amaitu nahi duen jakitea da".
Hain zuzen ere, The Washington Post egunkariaren esanetan, Trumpen gobernua Ukrainari laguntza militar gehiago ez bidaltzea pentsatzen ari da, ostiraleko eztabaidaren ostean.