Mundua -

auto-harrapaketa

Bi pertsona hil eta hamar zauritu dituzte Alemaniako Mannheim hirian, auto batek harrapatuta

Ustezko egilea atxilotu dute dagoeneko. Mannheimekin muga egiten duen Renania-Palatinatuko 40 urte inguruko alemaniar bat da. Oraingoz, gertakariaren atzean arrazoi politikorik ez dagoela uste dute agintariek.

Harrapaketa Alemanian.
Harrapaketa Alemanian
Auto batek jende multzo bat harrapatu du Alemaniako Mannheim hirian: gutxienez hildako bat eta hainbat zauritu

0:25

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez pertsona bi hil eta hainbat zauritu dira ibilgailu batek harrapatuta, Mannheim hiriko erdigunean, herrialdearen mendebaldean, Alemaniako Poliziak astelehen honetan jakitera eman duenez. Segurtasun indarrek dispositibo zabala jarri dute gune horretan.

Hala baieztatu du Mannheimeko Fiskaltzak Baden Wurtemberg estatuko Polizia Kriminalarekin eta hiriko Poliziarekin batera igorritako ohar batean. Bertan zehaztu dutenez, hamar zaurituak ospitaleratu behar izan dituzte, eta horietako bost larri daude.

Halaber, agintariek nabarmendu dutenez, susmagarri nagusia Mannheimekin muga egiten duen Renania-Palatinatuko 40 urte inguruko alemaniar bat da. Dagoeneko atxilotu dute. Oraingoz, gertakariaren atzean arrazoi politikorik ez dagoela uste dute.

Gertakaria hiriaren erdigunean jazo da, Ur-Dorre enblematikoaren eta Panken kalearen artean, hiriko kale nagusietako batean. Egunotan azoka txiki bat dago bertan, inauteriak direla eta. Sare sozialetako bideoetan ikus daiteke inguru horretan segurtasun-dispositibo zabala dagoela.

Mannheim hirian hainbat istilu izan ziren joan den udan, Pax Europa mugimendu antiislamistaren ekitaldi batean polizia agente bat labankadaz hil baitzuten. Egun batzuk geroago, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarreko politikari bati ere arma zuri batekin eraso egin zioten.

Hainbat istilu jazo dira Alemanian azken asteetan, besteak beste, labankadak eta harrapaketa masiboak, eta ustezko eraso terrorista gisa ikertzen ari dira. Azkena Munichen gertatu zen, 2 pertsona hil eta 37 zauritu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak