Mundua -

ARABIAR LIGAREN GOI-BILERA

Goi-bilera egingo dute astearte honetan Kairon, Gaza 'Ekialdeko Riviera' bihur ez dadin plana adosteko

Arabiar Ligako 22 herrialdeetako buruzagiak Kairon izango dira astearte honetan, Gazako Zerrenda berreraikitzeko proiektu bat adosteko helburuarekin. Berreraikuntza hori palestinarrak lekualdatu gabe eta Trumpek planteatu zuen resort turistikoaren kutsurik gabe egin nahi dute.

Liga Arabiarraren 2018ko bilera bateko irudia. Argazkia: EFE
Liga Arabiarraren 2018ko bilera bateko irudia. Argazkia: EFE
Liga Arabiarraren 2018ko bilera bateko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabiar Ligako 22 herrialdeetako buruek NBEren eta Europar Batasunaren hainbat ordezkariekin batera, urgentziazko goi-bilera egingo dute astearte honetan Egiptoko hiriburuan, Gazaren berreraikuntza adosteko asmoz.

Donald Trump AEBko presidenteak nahiko lukeenari muzin egin eta Gazako zerrenda 'Ekialde Hurbileko Riviera' bihurtzea saihestea da goi-bileraren helburu nagusia. Horretarako, Egiptok mahai gainean jarritako plana aztertuko dute. Kairoko bileran emango dituzte proiektu horren xehetasunak eta ikusteko dago ideiak herrialde arabiarren batasuna eta erabaki kolektiboak hartzeko gaitasuna ekartzen dituen.

Bere planarekin piztutako suari egurra botatzen jarraitu zuen aurreko astean Trumpek, adimen artifizialarekin sortutako bideo baten bidez. Bideo horretan "Gaza berria" agertzen zen, Trumpen beraren urrezko estatua eta guzti.

Hauek dira goi-bileraren erronka nagusiak:

Berreraikuntza: Egiptoko agintariek azken asteetan jakinarazi dute hiru faseko plan bat dutela Gaza hiru urtean berreraikitzeko. Horretarako, Egiptoko, Arabiako eta gehiengo musulmana duten herrialdeetako enpresek parte hartzea aurreikusten dute.

Talaat Mustafa Egiptoko higiezin-enpresaburuak elkarrizketa batean adierazi duenez, Gaza berreraikitzeko 200.000 etxebizitza unitate eraiki beharko lirateke 1,2 milioi pertsona inguru hartzeko, eta hori hiru urtean lor liteke "40 eta 50" enpresa eraikitzailek laguntzen badute.

Nazio Batuen, Munduko Bankuaren eta EBren kalkuluen arabera, Gaza berreraikitizea 53.000 milioi dolar inguru kostatu daiteke.

Segurtasuna eta kudeaketa: Desadostasunak egon dira gaia aurrez landu izan denean. Arabiar Ligako kide batzuk zalantzati daude Hamas talde islamistak boterean jarraitzen duen bitartean. Era berean, hainbat iritzi daude Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) izan beharko lukeen eginkizunari buruz. Egiptok berak zalantzan jartzen du Mahmud Abas Palestinako presidenteak gidatutako erakundearen gaitasuna.

Su-etena: Egiptoren planak porrot egin dezake Gazako su-etenaren bigarren faseari buruzko negoziazioek geldirik jarraitzen badute.

Parte-hartzea: Arabiar Ligako buruzagiez gain, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusia ere Kairon izango da Gazan "bakea eta egonkortasuna lortzeko beharrezkoak diren elementuak eztabaidatzeko".

Ahmed al-Sharaa Siriako behin-behineko presidentea ere bertan izatea espero da, Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentea gonbidapena bidali baitzion joan den astean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Iran Palestina Egipto Qatar Irak Saudi Arabia Siria Ekialde Hurbila Jordania