Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Europa berrarmatzeko bidean, Trumpen hitzaldia Kongresuan eta albaitarien greba
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoaren 5ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Europa, berrarmatzeko bidean: Europako Batzordeko presidenteak gastu militarra handitzeko plan bat aurkeztu du, Europar Batasunean (EB) "800 000 milioi euro inguru" mobilizatzeko, "segurtasunean eta defentsan inbertitzeko", Ameriketako Estatu Batuak Europako aliatuengandik urruntzen ari diren une honetan. 'Europa Berrarmatu' izena jarri dio planari, eta, besteak beste, EBren aurrekontuak babestutako maileguak, defentsarako "inbertsioak" defizitaren kalkulutik at uztea, gastu militarra handitzeko kohesio-funtsak bideratzea eta Europako Inbertsio Bankuaren laguntza proposatu ditu.
- Trumpen hitzaldia Kongresuan: Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea harro agertu da Kongresuaren aurrean egin duen bere bigarren agintaldiko lehen hitzaldian. Horren esanetan, 43 egunetan beste presidente batzuek 8 urtetan baino gehiago egin du. "Amerikar ametsa geldiezina da", nabarmendu du.
- Albaitarien greba: Greba eguna dute Euskal Autonomia Erkidegoko albaitaritza kliniketan, sendagaien preskripzioa, banaketa eta erabilera arautzen dituen egungo araudiak osasun publikoa arriskuan jartzen duela salatzeko. Euskadiko Albaitaritza Kontseiluak bat egin du gaurko mobilizazioekin eta estatu mailan deitu duten albaitarien grebarekin.