Mundua -
Alemania
Mannheimgo erasoaren egileak eskuin-muturrarekin loturak ditu, Exif Rechercheren arabera
Alemaniako Exif Recherche erakundearen arabera, Alexander Scheuermann Reichsburger ideologia duten neonaziak biltzen dituen Ring Bund taldeko kidea da. Mugimenduak Alemaniako Errepublika Federalaren zilegitasuna ukatu eta sistema autoritario batekin ordezkatu nahi du.
Agentziak | EITB Media
Astelehenean, Alemaniako Mannheim hirian izandako auto-harrapaketa masiboaren ustezko egileak eskuin-muturrarekin loturak ditu, irabazi-asmorik gabeko erakunde batek egindako ikerketa baten arabera. Agintariek arazo psikiatriko batekin lotu zuten erasoa, eta arrazoi politikoak baztertu zituzten.
Alexander Scheuermann 40 urteko alemaniarrak autoarekin harrapatu zituen Mannheimgo kale batetik zihoazen oinezkoak. Poliziak berehala atxilotu zuen. Scheuermann bere buruari zauriak egiten saiatu zen, aire konprimatuzko arma batekin.
Gertakaria jazo eta ordu batzuetara emandako prentsaurrekoan Fiskaltzak adierazi zuenez, Scheuermannen aurrekari psikiatrikoak izan zitezkeen erasoaren eragile, eta harrapaketaren atzean ez zegoen arrazoi politiko edo erlijiosorik.
Hala ere, Alemaniako Exif Recherche erakundearen arabera, Scheuermann Reichsburger ideologia duten neonaziak biltzen dituen Ring Bund taldeko kidea da. Mugimenduak Alemaniako Errepublika Federalaren zilegitasuna ukatu eta sistema autoritario batekin ordezkatu nahi du.
Armekin trafikatzeagatik 2022an zigortutako talde horretako kide bati atzemandako agirietan, Scheuermann behin baino gehiagotan agertzen da erakundeko kide gisa.
Gainera, Scheuermannek sinbologia neonazia partekatu zuen sare sozialetan, eta gutxienez NPD talde neonaziak Berlinen 2018an antolatutako manifestazio batean parte hartu zuen, argazkiek erakusten dutenez.
Fiskaltzak astelehenean onartu zuenez, Scheuermannek espetxe-zigorra bete zuen duela hamarkada bat baino gehiago lesio-delitu batengatik, eta 2018an isun bat ordaindu behar izan zuen Facebooken gorroto-delituak egiteagatik. Hala ere, Fiskaltzak ez zuen Scheuermannek kaleratutako edukiei buruzko xehetasunik eman.
Scheuermann asteartean eraman zuten epailearen aurrera, baina ez zuen bere ekintzaren arrazoiei buruzko azalpenik eman nahi izan, eta Fiskaltzaren arabera, haren etxean ez zen horren inguruko frogarik topatu. "Orain arte egindako ikerketek lehendik zeuden gaixotasun psikologikoei buruzko frogak aurkitu dituzte, eta susmagarria egoera psikiko txarrean zegoela diote", erantsi du Estatuko Abokatutzak.