Mundua -
Heriotza-zigorra
Fusilamendu-pelotoi batek preso bat hil du AEBn, 15 urtean lehenengo aldiz
Brad Keith Sigmonek aukera horren alde egin zuen, pozoiaren edo aulki elektrikoaren ordez, bere bikotekide ohiaren gurasoak hiltzeagatik heriotza-zigorra jaso ostean.
agentziak | eitb media
Bikotekide ohiaren gurasoak hiltzeagatik heriotza-zigorra jaso zuen preso bat hil du bart fusilamendu-pelotoi batek AEBko Hego Karolinako espetxe batean, modu horretan hiltzen duten lehenengo presoa azken 15 urteotan.
"Bart gauzatu da Brad Keith Sigmonen heriotza-zigorra, Hego Karolinako Auzitegi Gorenaren aginduz eta estatuko legean oinarrituta. Hiru pertsonak osatutako fusilamendu-pelotoi batek egin du exekuzioa", adierazi du Hego Karolinako Espetxe Departamentuak.
1976an heriotza-zigorra berrezarri zutenetik, fusilamendu-pelotoi batek hil duen laugarren presoa da Sigmon, eta azkena 2010ean hil zuten.
Fusilamendu-pelotoia presoarengandik lau metro eta erdira jarri da, eta kalibre handiko balekin tiro egin diote bihotzean. Hilketaren lekuko izan dira biktimen senide batzuk, zigortuaren abokatua eta komunikabideetako hiru ordezkari.
Sigmonek exekuzio mota horren alde egin zuen, pozoiaren edo aulki elektrikoaren ordez.
2001ean zigortu zuten bikotekide ohiaren gurasoak beisboleko bate batekin hiltzeagatik. Gizonak aitortu zuen emazte ohiari eraso egiteko asmoa ere bazuela, baina ihes egitea lortu zuela.