Mundua -

Erreportaje batekin polemika

BBC kateko zuzendari orokorrak dimisioa eman du polemika baten ostean

Polemika Gales iparraldean haurrei egindako sexu-jazarpenen inguruko erreportaje batekin piztu da.

BBC kateko zuzendariaren dimisioa. EFE
BBC kateko zuzendariaren dimisioa.
BBCko zuzendariak dimititu du erreportaje faltsu batengatik

00:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

George Entwistle BBC kateko zuzendari orokorrak dimisioa eman du Gales iparraldeko haurrei ustez egindako sexu-jazarpenen inguruko erreportaje baten emisioak piztu duen polemikaren ostean, izan ere, saioak politikari ohi batekin identifikatu zuen auzia.

Entwistle joan den irailaren 17an iritsi zen kateko zuzendaritzara eta Chris Patte BBCko presidentearekin batera adierazpen publiko bat egin eta gero eman du dimisioa.

Kateko eduki guztien azken arduraduna izateagatik egiten duela zehaztu du.

Polemika azaroaren 2an "Newsnihgt" saioan emandako erreportaje batek piztu zuen.

Atzo gauean barkamena eskatu behar izan zuen telebista kateak, izan ere, erreportajeak Lord McAlpinekin, Margaret Thatcherren diruzainarekin, identifikatu zuen gertatutakoa.

Gales iparraldeko haurren etxebizitza batean ustez gertaturiko sexu-jazarpenen inguruko erreportajea zen, eta bertan, Steve Messhamek, biktima izandako gizonezko batek, politikari ohi ezagun batek sexu-erasoak egin zizkiola esan zuen.

Ez zuen politikariaren izena zehaztu, baina Thatcherren garaian lan egin zuela azpimarratu zuen. Hala ere, politikariaren identitatea ezagutzeko jakin minak sare sozialetan Lord McAlpinekin espekulatzera eman zuen.

Ondoren, Messhamek barkamena eskatu zuen, politikari hori ez zela izan berretsiz. Ordurako auzia Erresuma Batu osoan ezagun egin zen eta McAlpinek erreportaje gogor kritikatu zuen.

Atzo goizean gertatutakoa "onartezina" zela gaineratu zuen George Entwistlek. Bestalde, katean beste polemika bat egon da azkenaldian, izan ere, Savile, hamarkadatan kateko aurkezle izarra izan dena, sexu-jazarpen eta pederastia kasuekin lotu dute eta kateari auzia ezkutatzea leporatu diote.

Savil lehengo urtean hil zen 83 urte zituela, eta haur eta emakumeei ustez sexu-erasoak egin zizkien, batzuk kateko langileak omen ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea