Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek Gazako su-etenaz negoziatzen jarraitzea onartu du, eta ordezkaritza bidaliko du astelehenean Dohara
Hamas mugimendu islamistak zeharkako negoziazioetan "adierazle positiboak" atzeman dituela iragarri ostean iritsi da erabakia.
agentziak | eitb media
Larunbatean iragarri zuenez, Israelgo Gobernuak onartu egin du bitartekari estatubatuarrek egindako gonbidapena, eta astelehenean ordezkaritza bat bidaliko du Dohara Gazako su-etena negoziatzeko mahaira.
"Israelek onartu egin du AEBko bitartekarien gonbidapena, eta ordezkaritza bat bidaliko du astelehenean Dohara, negoziazioetan aurrera egiteko asmoz", adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar labur batean.
Hain zuzen ere, Abdul Latif al Qanou Hamasen bozeramaileak ordu batzuk lehenago esan du zeharkako negoziazioetan "adierazle positiboak" atzeman dituztela Gazako su-eten akordioari eusteko eta bigarren fasera pasatzeko.
"Egiptoko eta Qatarko bitartekariek esfortzuak egiten jarraitzen dute su-etenaren akordioa betetzeko eta bigarren faserako negoziazioei ekiteko, eta adierazleak positiboak dira", Hamasen bozeramailearen arabera.
Su-etenaren bigarren fasea martxoaren 1ean hasi behar zen, eta Israelgo Armada Gazako Zerrenda osotik ateratzea aurreikusten du, Gazan dauden bahitu guztiak askatzearen truke.
Talde islamistak astebete darama esaten bigarren fasera igarotzeko prest dagoela, baina israeldarren aldetik ez du jarrera bera ikusten. Izan ere, Netanyahuren gobernuak proposatu du su-etena Ramadanean eta juduen Pazkoan luzatzea bahituak askatzearen truke, baina Armada Zerrendatik atera gabe.
Israelek, gainera, galarazi egin du Gazara laguntza humanitarioa sartzea, eta neurri hori "xantaia merkea" izan da Hamasentzat.
42 egunen ostean, martxoaren 1ean amaitu zen su-etenaren lehenengo fasea, eta 33 bahitu askatu zituen Hamasek epe horretan, Israelen preso zeuden 1.800 presoren truke. Gazako Zerrendan 59 bahitu daude oraindik, baina horietako 35 hilda daudela uste dute.
Hamasek erasoa egin zuen Israelen 2023ko urriaren 7an, eta 1.200 bat pertsona hil eta 251 bahitu zituen. Israelek Gaza inbadituz erantzun zuen; ordutik, ia 48.000 pertsona hil ditu eta lurraldea suntsitu du.