Mundua -

Gazako Su-etena

Gazako Zerrendan argindarra eteteko agindu du Israelek

Gazan oraindik martxan dauden ospitaleak gasolinarekin funtzionatzen duten sorgailu elektrikoen menpe daude. Astebete igaro da Israelek Gazako Zerrendan laguntza sartzea debekatu zuenetik.

Gazako erdialdea, hondatuta, Israelgo Armadaren erasoaren ondorioz. Argazkia: EFE
Gazako erdialdea, hondatuta, Israelgo Armadaren erasoaren ondorioz. Argazkia: EFE
Gazako erdialdea, hondatuta, Israelgo Armadaren erasoaren ondorioz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Argindar Korporazioak Gazako Zerrendarako hornidura "berehala" eteteko agindu du Eli Cohen Israelgo Energia ministroak, igande honetan X sare sozialean zabaldutako bideomezu baten bidez jakinarazi duenez.

"Gazako Zerrendan argindarra berehala eteteko agindu bat sinatu dut. Utz diezaiogun hitz egiteari. Ekiteko ordua da!", esan du Cohenek X sare sozialean. Israelgo ministroak gaineratu duenez, eskura dituzten "baliabide guztiak" erabiliko dituzte "bahitu israeldar guztien itzulera bermatzeko". "Gerraren ostean, Hamas ez da Gazan izango", azpimarratu du.

Israelgo Haaretz kazetaren arabera, egun Israelek Gazako Zerrendari saltzen zion argindar bakarra hondakin urak tratatzeko lantegia hornitzeko erabiltzen zuten. Bestalde, Gazan oraindik martxan dauden ospitaleak gasolinarekin funtzionatzen duten sorgailu elektrikoen menpe daude.

Astebete igaro da Israelek Gazako Zerrendan laguntza sartzea debekatu zuenetik. Hamasen arabera, erabaki hori "su-etenaren akordioa saihesteko eta bigarren fasearen negoziazioetan sartzen ekiditeko saiakera garbia da".

Hamasek "xantaia merke eta onartezintzat" jo du Israelek argindarra eten izana

Hamas talde islamistak "xantaia onartezintzat" jo du Israelek Gazako Zerrendaren hornidura elektrikoa eteteko emandako agindua. "Argindarra moztea, mugako gurutzebideak ixtea, laguntza, sorospena eta erregaia etetea eta gure herria gosez hiltzen uztea zigor kolektiboa eta gerra-krimena da", adierazi du taldeak ohar batean. Izan ere, Israel edozein laguntza eta elikagai mota sartzea blokeatzen ari da martxoaren 2tik.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "munduak ikusi duen akordioa (su-etenarena) nahaspilatu nahi du, bere interes pertsonalei erantzuten dien bide-orria inposatzeko, bahituen familien eskaerak kontuan hartu gabe", dio taldeak.

Hain zuzen ere, ehunka israeldarrek manifestazioa egin dute gaur gauean Tel Aviveko Defentsaren egoitzaren aurrean, Netanyahuk Gazan 60 bahitu baino gehiago askatzea ahalbidetuko duen akordioari eusteko konpromisoa har dezala eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina