Mundua -
Ingalaterrako ipar-ekialdea
Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute Ipar itsasoan, eta lehena erregaia isurtzen ari da
Stena Bulk Suediako konpainia armadorearekin batera petrolio-ontzia kudeatzen duen Crowley enpresa estatubatuarrak azaldu duenez, talkak "Jet-A1 erregaia zuen tanke bat hautsi du", eta horrek erregai-ihesa eragin du. Beraz, itsasora erregaia isurtzen ari da.
Agentziak | EITB Media
AEBko petrolio-ontzi bat eta Portugaleko zama-ontzi bat sutan daude, gaur goizean Hulleko kostaldearen aurrean elkarren kontra jo baitute, East Yorkshiren, Ingalaterrako ipar-ekialdean (Erresuma Batua).
BBC kate publikoak lekukoek hartutako irudiak zabaldu ditu. Horietan ke-lainotzak eta bi ontziak ikusten dira, suz inguratuta.
Itsas salbamenduko txalupetako (RNLI, ingelesez) langileek zabaldutakoaren arabera, marinelek itsasontzietatik alde egin ahal izan dituzte. Martyn Boyers Grimsby portuko zuzendariak baieztatu duenez, 37 pertsona eraman dituzte lehorrera, eta horietako bat ospitaleratu behar izan dute
Stena Bulk Suediako konpainia armadorearekin batera petrolio-ontzia kudeatzen duen Crowleyk X sare sozialean azaldu duenez, talkak, Hulletik 25 bat kilometrora ainguratuta zegoenela, "Jet-A1 erregaia zuen tanke bat hautsi du", eta horrek erregai-ihesa eragin du.
Stena ontziko tripulazioak "ontzian hainbat leherketa izan ondoren alde egin du", eta marinel guztiak "zenbatuta eta salbu" daude.
Konpainia logistikoa AEBko Armadaren hornidura programa baten parte da, eta azaldu duenez, "sute bat izan da talkaren ondorioz, eta erregaia isuri da" itsasora.
Navy Lookout atari digitalak sare sozial berean azaldu duenez, MV Stena Immaculate petrolio-ontzia kolpatu zuen MV Solong zamaontziak Humber estuarioaren aurrean ainguratuta zegoela, lurretik 16 kilometrora.
Itsasoan gertatutakoaren jarraipena egiten ari diren beste atari batzuek —hala nola Marine Traffic Datak— zehaztu dutenez, MV Stena Immaculate Greziako Agioi Theodoroi portutik zetorren, eta Solong Eskoziako Grangemouth portutik itsasoratu zen, Herbehereetan porturatzeko asmoz.
Greenpeace erakunde ekologistak adierazi duenez, "goiz da oraindik isuriak eragindako kutsadura zenbatekoa den zehazteko", baina "garraiatutako petrolio kantitatea eta mota, bi ontzietako erregaia eta, hala badagokio, uretan isuri den kopurua" bezalako faktoreen mende egongo dira. "Itsasoko eta klima egoerak ere funtsezkoak dira edozein isuriren bilakaera zehazteko", gaineratu du.
Keir Starmer lehen ministroaren bozeramaile batek esan du egoera "oso kezkagarria" dela.
Zianuro-gatzak
Bestalde, Erresuma Batuko Osasun Segurtasunerako Agentziak ohartarazi duenez, zianuro-gatzak gertu izateak —Portugaleko ontziak daraman karga— buruko minak, goragaleak, zorabioak, urduritasuna, nahasmendua, bihotz-erritmoaren aldaketak eta logura eragin ditzake, eta, kasu larriagoetan, arnasteko arazoak eta heriotza ere.
Kutsadura aztertzen ari diren bitartean, Martin Slater 'Yorkshire Wildlife Trust' ingurumenaren aldeko erakundeko zuzendariak ohartarazi du isuriak "hondamendia" eragin dezakeela Humber estuarioan. Txori asko biltzen dira kostaldean ugaltzeko, eta foken kolonia "handiak" daude inguruan.