Mundua -
ukrainako Gerra
Kievekin baliabide naturalei buruzko akordioa ixteko "aurrerapausoak" eman direla uste du Washingtonek
Hala, AEBko Gobernuak "itxaropena" du Ukrainako agintariek aste honetan Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden, ituna sinatzeko.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak onartu du azken egunotan "aurrerapauso nabarmenak" eman direla Kievekin baliabide naturalei buruzko akordioa ixteko negoziazioetan, eta Ukrainako agintariek Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden, ituna sinatzeko "itxaropena" dutela esan du Washingtonek.
"Honelako bitartekaritza batek bi aldeak hurbiltzeko balio du, jarrerak hurbiltzeko. Asko aurreratu dugu zentzu horretan ukrainarrekin, eta itxaropen handia dut. Seinale guztiak oso positiboak dira", azaldu du Steve Witkoff Etxe Zuriko mandatari bereziak Fox News telebistan egindako elkarrizketan.
Witkoffek azpimarratu duenez, elkarrizketetan "aurrerapauso" handia emateko "itxaropenarekin" joango dira Saudi Arabiara. "Espero dut akordioa ixtea. Garrantzitsuena ukrainarrentzako segurtasun protokoloak eztabaidatzea da. Horrek kezkatzen ditu: lurraldetasunak. Baina ez da kontu konplexua. Mahai gainean jarri egin behar dira", azaldu du.
Ildo horretan, erantsi du azken egunotan Ukrainako, Europako eta AEBko ordezkaritzen artean "elkarrizketa asko" izan direla. "Zelenskik gutun bat bidali zion presidenteari (Donald Trump). Barkamena eskatu zuen Bulego Obalean gertatutakoagatik. Uste dut pauso handia izan zela", gaineratu du.
Bestalde, Witkoffek adierazi du Washingtonek ez duela inoiz Inteligentziaren informazio-trukea bertan behera utzi, "defentsa arrazoiengatik". "Ez da sekula etenik egon. Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkularia eta Marco Rubio Estatu idazkaria Saudi Arabiara bidean dira. Gai hori zerrendan egongo da", nabarmendu du.
Trumpen eta Zelenskiren arteko harremana hoztu egin da Etxe Zurian izandako liskarraren ondotik, baina aste honean Ukrainako eta AEBko ordezkariak batzartuko dira, Riaden, baliabide naturalen akordioa ixteko eta bakea lortzeko negoziazioetan aurrera egiteko.