Mundua -
ARMAGINTZA INDUSTRIA
Europak % 155 areagotu du armen inportazioa 2020tik: Ukraina da inportatzaile nagusia, eta AEB, hornitzailea
AEBtik dator Europako herrialdeek jasotzen duten armamentuaren % 53, oro har, eta NATOko herrialdeek jasotzen dutenaren % 64, zehazki. Ukrainaren atzetik, Erresuma Batuak eta Poloniak erosi dituzte arma gehien azken lau urteetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europak % 155 arma gehiago inportatu zituen 2020tik 2024ra, aurreko lau urteetan baino. 2022an Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, munduan arma gehien inportatzen dituen lurraldea bihurtu zen Europa eta Estatu Batuekiko menpekotasuna ere areagotu egin zen, AEB baita munduko arma inportatzaile nagusia. Testuinguru honetan, eta Trumpekin izandako ika-mikak medio, Europako buruzagiak berrarmatzea eztabaidatzen ari dira une honetan, ideia aurrea ateraz gero, are gehigo areagotuko da armen inportazioa.
Stockholm International Peace Research Institute (SIPRI) erakundeak armen nazioarteko transferentziei buruz argitaratu dituen datuen arabera, gutxienez 35 estatuk bidali zituzten armak Ukrainara Errusiaren inbasioaren ondoren, eta hori dela eta, Ukrainak mundu mailako armen inportazioaren % 8,8 jaso du 2020-24 aldian. Arma gehienak Estatu Batuetatik iritsi dira Ukrainara ( % 45), Alemaniatik ondoren ( % 12) eta Polonia izan da hirugarren hornitzailea ( % 11).
Munduan arma gehien inportatu dituzten 10 herrialdeetatik lehena Ukraina da. Ondoren India, Qatar, Saudi Arabia, Pakistan, Japonia, Australia, Egipto, Estatu Batuak eta Kuwait daude.
Hala ere, SIPRIk azpimarratu duenez, Europako beste estatu askok ere nabarmen handitu dituzte epe horretan armamentu inportazioak: Erresuma Batuak % 2,5 eta Poloniak % 2,4, esate baterako. Bi herrialde horiek izan dira Europako herrialdeen artean, Ukraina kenduta, arma gehien erosi dituztenak.
"Arma transferentziei buruzko zifra berriek argi eta garbi islatzen dute Europako estatuen berrarmatzea, Errusiaren mehatxuari erantzunez", adierazi du Mathew George SIPRIren Arma Transferentzien Programako zuzendariak.
AEBrekiko mendekotasuna
Bestalde, SIPRIren datuek beste errealitate bat ere berresten dute: Europak Estatu Batuek emandako armamentuarekiko duen mendekotasuna. Zehazki, Washingtonek hornitu zuen Europako armamentuaren % 64 2020-2024 epean. Aurreko epean, 2015etik 2019ra bitartean, inportazioen % 52 zetozen Ameriketako Estatu Batuetatik. Hurrengo hornitzaileak oso daude: Frantzia eta Hego Korea ( % 6,5 bakoitzak), Alemania ( % 4,7) eta Israel ( % 3,9).
Estatu Batuak dira, hain zuzen ere, munduko arma-esportatzaile nagusiak. Zehazki, arma estatubatuarren esportazioa % 21 hazi da azken lau urteetan, eta gaur egun mundu osoko armen esportazioan % 43 AEBko armak dira (2015-19an % 35 zen).
AEBk 107 estatutara bidali zituen bere armak 2020-24 epean, eta azken bi hamarkadetan lehen aldiz, esportazio gehienak Europara izan zire ( % 35), Ekialde Hurbila aurreratuz ( % 33).
Errusiaren arma esportazioek, berriz, % 64 egin zuten behera 2020tik 2024ra bitartean, aurreko aldiarekin alderatuta. Datuek erakusten dutenez, gainera, gainbehera hori ez zen 2022ko otsailean, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, hasi; 2020an eta 2021ean jada esportazio bolumenak aurreko urteetakoak baino nabarmen txikiagoak izan baitziren.
"India beste hornitzaile batzuei erosten hasi zen eta Txinak gero eta arma gehiago erosten ditu bere industria nazionaletik", nabarmendu du SIPRIren programaren zuzendaria.