Mundua -

Kongresua

Xi Jinping, Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi berria

2013ko martxoan izendatuko dute Txinako presidente, eta gaurdanik Batzorde Militarreko presidentea da.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xi Jinping Txinako presidenteordea izango da herrialdeko buruzagia datozen hamar urteotan. Ostegun honetan, Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu dute eta baita Batzorde Militarreko presidente ere.

Txinako Alderdi Komunistaren eta Armadaren buruzagia denez, boterearen bi herena bere esku izango du. Estatua da Txinako hirugarren boterea, eta martxoan izendatuko dute Xi Jinping herrialdeko presidente, Asanblea Nazionala (Botere Legegilea) elkartu eta Hu Jintao egungo presidentearen ordezko izendatzen dutenean.

Buruzagi berriak garrantzi handia izango du herrialdearen erronka hauei aurre egiteko, hala nola, mundu mailako krisi ekonomikoa, Txinaren hazkunde ekonomikoa, desberdintasun sozialak, kutsadura eta Ozeano Bareko lurralde gatazkak.

Xi Jinpingek ez du zehaztu zein bide hartuko duen hemendik aurrera. Bi aukera ditu: erreformak egitea edo gauzak dauden bezala uztea.

Egungo sistema politikoak aldaketak egitea zailtzen du, izan ere, erabakiak Txinako Alderdi Komunistako Batzorde Iraunkorrean hartzen dira. Batzorde hori zazpi kidek osatzen dute orain (lehen bederatzi ziren), eta kideen izaera kontserbadoreak ere zaildu egingo du erreformak aurrera ateratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea