Mundua -

GERRA

Israelek su-etena hautsi du, Gazari erasota: 400 hildako baino gehiago eragin ditu

Israelgo Armadak Gazako mugatik gertu bizi direnei handik berehala irteteko agindua eman die. Gutxienez 440 pertsona zauritu dira erasoetan eta kezka dago ospitaleek gainezka egingo ote duten.

Erasoa Gazan. Argazkia: Reuters
Erasoa Gazan. Argazkia: Reuters
Israelek su-etena hautsi du, eta Gazan erasoa egin du

0:43

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek, aldez aurreko abisurik gabe, eta Ramadan sasoi betean, goizaldean eraso bortitza burutu du Gazako Zerrendan, eta 400 pertsonatik gora hil ditu, Gazatarren Gobernuak, Sanad agentziak eta Palestinako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Azken 15 hilabeteotako erasorik odoltsuenetakoa izan da astearte honetakoa; izan ere, azken balantzearen arabera, 404 palestinar hil dituzte. Hondakin azpitik, baina, ez da baztertzen gorpu gehiago ateratzea. Zaurituak, berriz, 500dik gora dira, gehienak, haurrak eta emakumeak.

Nazio Batuen Erakundeak gogor salatu ditu erasook, eta Gurutze Gorriak ohartarazi du Gazako ospitaleak kolapsoak jota daudela. "Zenbakiek gora egiten jarraitzen badute, arazo bat izango dugu", esan du Saleh al-Hams Khan Yunis Europako Ospitaleko Erizaintzako zuzendariak.

Airez eta lurrez egin dituzte erasoak Gazako zerrendan, eta Israelek agindu du infernua are gorriagoa izango dela Hamasek gatibu dituen 59 Israeldarrak aske utzi ezean. 

Hamas talde islamistak, berriz, Netanyahuri leporatu dio su-etenerako eta bahituak askatzeko akordioa "saboteatu" izana. Negoziazio prozesua bigarren fasean zegoen 58 eguneko su-etenaren ostean, eta bahituak arriskuan jartzen dituela ohartarazi du Hamasek. Gainera, Estatu Batuak egin ditu Gazako herria suntsitzearen konplize.

Su etenaren lehen fasea martxoaren 1ean bukatu zen eta, orduz geroztik, bigarren fasean sartu ordez, lehenengoa luzatzea planteatu du Israelek. Hala, Hamasi presio egiteko asmoz, laguntza humanitarioa eta argindarra moztu dizkio Gazari eta horren ondoren iritsi da gaur gaueko bonbardaketa.

Israelgo Armadak ebakuazio-agindua eman du

Israelgo Armadak, bien bitartean, ebakuatzeko agindua eman die Gazako Zerrendako mugaren inguruko eremuetan bizi diren palestinarrei, "borroka gune arriskutsuetatik kanpora" joan daitezen.

Avichai Adrai Israelgo Armadako arabierazko bozeramaileak X sare sozialean esan duenez, Gazaren aurkako bonbardaketa kanpaina berriari 'Indarra eta Ezpata' izena jarri diote, eta Israelgo Gobernuak erasoak hasi dituela iragarri ostean, Hamasi leporatu dio bitartekari lanetan dabiltzanek egindako "eskaintza guztiei" ezetz esatea.

"Nazioarteak esku hartu behar du, premiaz"

Palestinako Gobernuak adierazi du "nazioarteak premiaz esku hartu" behar duela Israelek Gazari egindako "eraso bortitzaren" aurrean, eta Israeli egotzi dio "gerra genozidaren amaiera indartzeko" eta Zerrendatik alde egiteko "betebeharrei" uko egitea egotzi dio.

Palestinako Atzerri Ministerioak X sare sozialean argitaratu duen ohar batean Israelen bonbardaketa-oldea "irmo" gaitzetsi du, eta adierazi du biktima "gehienak haurrak, emakumeak eta adinekoak" direla.

Erreakzioak

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) koordinatzaile humanitarioak, Muhannad Hadik, "onartezintzat" jo du Israelek Gazako Zerrendari egindako erasoa, eta "su-etena berehala berrezartzeko" deia egin du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin du Gazan bonbardaketa "indiskriminatuei" berrekitea: "Hori ez da palestinarren eta israldarren bakerako bidea, eta ez da Ekialde Hurbileko herrien segurtasuna bermatzeko eta egonkortasuna emateko bidea", azpimarratu du Jose Manuel Albares Espainiako diplomaziaren buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Hamas