Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Su-etena hautsi du Israelek, Europaren berrarmatzea eta Trump-Putin negoziazioak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoaren 18an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Su-etena hautsi du Israelek: Israelek su-etena hautsi du Gazan eta 300dik gora hildako eragin ditu airez eta lurrez egindako erasoetan. Israelgo Armadak Gazako Zerrendako hainbat guneren aurka egin du, iparraldetik hegoaldera, hala nola, Gaza hiria, Jan Yunis, Rafah eta Maghazin. Su-etenaren bigarren fasea negoziatzen ari ziren Israel, Hamas eta bitartekariak, 58 eguneko su-etenaren ostean. Urtarrilaren 19an sartu zen indarrean su-etena, Donald Trump Etxe Zurira iritsi bezperan.
- Europaren berrarmatzea: "Europaren berrarmatzea" albistegi berezia ikusi ahal izango da gaur gauean ETB2n, Juan Carlos Etxeberriak aurkeztuta. Alde batetik, Europak hartutako erabakia aztertuko dute eta ordena mundial berria nola geratzen den errepasatu. Beste alde batetik, industria eta ekonomiaren ikuspuntua ere mahai gainean izango dugu eta, nola ez, eztabaida honek sortzen duen dilema etikoa. Programa berezia 22:00etatik 23:00etara izango da, ETB2n eta eitb.eus-en.
- Trump-Putin negoziazioak: Donald Trump AEBko presidenteak gaur hitz egingo du Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, Ukrainan su-eten akordioa aurrera eramateko. Ordu batzuk lehenago, agintari estatubatuarrak Putinek akordioa onartzea espero duela adierazi du. "Uste dut ados egongo dela. Benetan sinesten dut. Uste dut nahiko ondo ezagutzen dudala eta ados egongo dela ", esan du Full Measure saioan egindako elkarrizketa batean.