Mundua -
Hauteskundeak
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak politika utzi du
Hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean, alderdi politiko berri bateko parte izan nahi bazuen, Gobernutik joateko eskatu zion Netanyahuk.
Erredakzioa
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak, Benjamin Netanyahu buru den Gobernuko buruzagi garrantzitsuenetakoak, politika utziko duela iragarri du hauteskunde orokorretarako bi hilabete falta direnean.
Datozen hauteskundeetarako alderdi berri bateko parte izan nahi bazuen, Gobernutik joateko eskatu omen zion Netanyahuk Yediot Aharonot egunkariak argitaratu duenaren arabera.
Bigarren maila batera pasatuko dela esan du prentsaren aurrean. "Herrialdeari laguntzeko era asko daude, eta politika ez da bakarra", azaldu du.
"Zalantzak izan ditut, baina bihotzez hartu dut erabakia", esan du Barakek. 70 urteko politikariak Defentsa ministro izaten jarraituko du "hiru hilabete barru Gobernu berria osatu bitartean". Orain, ikasi, idatzi eta familiarekin "denbora gehiago pasatu" nahi duela esan du.
Ez dela bat-bateko erabakia izan azpimarratu du, eta aspaldian hartuta zuen arren, "Defentsa Zutabea" operazioak iragarpena atzeratu duela azaldu du.
Lehen ministro izan zen 1999 eta 2001 urteen artean, eta Estatu Nagusiko buruzagia ere izan zen. Hainbat kargu izan ditu aukera politiko ezberdinetan; azken aldaketa lehengo urteko urtarrilean egin zuen, Alderdi Laborista utzi eta alderdi berri bat eratu baitzuen, Atzmaut (Independentzia).