Mundua -
GAZA ERASOPEAN
Israelen bonbardaketek gutxienez 14 pertsona hil dituzte bart Rafah eta Khan Yunis hirietan
Gazarako adostutako menia hautsi zuen atzo Israelek, eta azken hilabeteotako sarraskirik handiena eragin: 500 palestinar baino gehiago hil zituen; horietatik 130 inguru, adin txikikoak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, AEBren babesarekin, Gazarako su-etena haustea erabaki ondoren, bigarren egunez jarraian, bonba hotsek ez dute etenik izan jada birrinduta dagoen Gazako Zerrendan.
Bart izandako erasoek gutxienez 14 palestinar hil eta dozenaka zauritu utzi dituzte Rafah eta Khan Yunis hirietan, Al Jazzera berri agentziak jakitera eman duenez. Bonbardaketa gehienak hegoaldeko lurretan izan dira, Mawasi kanpaleku humanitarioa dagoen eremutik oso gertu. Hain zuzen, duela hilabete batzuk Israelek "toki segurutzat" jo zuen gune hori, eta milaka palestinar desplazatu ziren bertara, Israelen Armadak euren bizilekuak txikitu ostean.
Natanyahuk argi eta garbi ohartarazi du atzo abiatutako erasoaldia "hasiera baino ez" dela —500 pertsona baino gehiago hil zituen—, eta menia atzera berriz "indarrean sartzeko" negoziazioek "bonbapean" jarraitu beharko dutela. Besteak beste, bahituak askatzeko baldintzak ez betetzea egotzi dio Erresistentzia Mugimendu Islamikoari (Hamas).
Bere aldetik, Hamasek dio, urtarrilean adostutako su-etenaren arabera, duela zenbait aste bigarren faseak martxan beharko lukeela, eta ez dela halakorik gertatu.
Bigarren fase horri ekin aurretik, Gazan dauden soldatu israeldarrak erretiratzea eta, trukean, bahitu guztiak askatzea ziren aldeek itundutako konpromisoetako bi. Orain, Israelek atzera egin, eta aurrera egiteko bide bakarra "Hamas desegitea" dela azaldu du.
Taher al-Nunu erakunde islamiarraren eledunetako batek esan du "negoziaziorako ateak zabalik" jarraitzen duela eta ziurtatu du bitartekari taldeko herrialdeekin (Qatar, Egipto eta AEB) harremanetan jarraitzen dutela, Israelek "erasoaldia bertan behera utzi" eta "sinatutakoa errespetatu" dezan. "Ez dago beste akordio baten beharrik. Badago itun bat, alde biek izenpetutakoa", erantsi du.
Ekialde Hurbileko gatazka gertutik ezagutzen duten adituak ez ditu ezustean harrapatu Israelek erasoei berrekiteak, aspalditik ikusten baitzuten koloka bigarren fasea:
Hasierako puntuan
Amnesty International (AI) gobernuz kanpoko erakundearen iritzian, 2023ko urriaren 7an Gazan abiatutako gerra hasierako kokalekura eraman du Israelgo Gobernuak. Talde horrek gogora ekarri du "Israel egiten ari den genozidioak" aurrekaririk gabeko sarraski humanitarioa eragin duela Palestinan, hamazazpi hilabetean 48.500 pertsona hil baititu.
Munduari dei egin dio AIk, eta besoak gurutzatuta geldirik ez egoteko eskatu, Israel giza eskubideak urratzen ari den bitartean.