Mundua -
GATAZKA DIPLOMATIKOA
Danimarkak Groenlandiari buruz negoziatzeko deia egin dio AEBri
Kopenhageren ustez, ezin da egungo 'statu quo'arekin jarraitu, Errusiaren presioa dela eta, baina AEBk bereganatzea ez diren beste aukera batzuk lehenesten ditu.
agentziak | eitb media
Danimarkako Gobernuak bat egin du AEBrekin, eta adierazi du Groenlandiaren statu quoak ezin duela berdin jarraitu, Ukrainako gerragatik Errusiaren presioa handitu egin baita, baina uste du 1951n adostutako akordioak tartea ematen duela Washingtonen eta Kopenhageren arteko gatazka diplomatikoa konpontzeko.
Groenlandia Danimarkaren lurralde autonomoa da, eta Trumpen Administrazioaren jomugan dago aspalditik uhartea "erosteko" aukera segurtasuna bermatzeko. AEBren asmoak, baina, talka egiten du Groenlandian bizi diren eta danimarkar sentitzen diren herritarrekin eta uhartearen independentzia aldarrikatzen dutenekin.
Gatazka agerian geratu da JD Vance AEBko presidenteordeak ostiralean Groenlandiara egin duen bidaia ofizialean. Izan ere, horren esanetan, "AEBk ez du beste aukerarik", eta "autodeterminazioari buruzko erreferendum baten bitartez Danimarkarengandik independizatzen denean bere egingo du" lurraldea.
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroaren lehenengo erantzunaren ostean, Lars Lokke Rasmussen Atzerri ministroaren txanda izan da gaur goizaldean, eta Vanceren adierazpenen tonua gaitzetsi ostean ("Horrela ez zaio hitz egiten aliatu bati"), negoziazioei ekiteko proposatu du, 1951ko akordioan oinarrituta.
"(Akordioak) Ahalbidetu egiten du AEBk Groenlandian presentzia militar askoz handiagoa izatea. Hori bada nahi dutena, hitz egin dezagun horri buruz", adierazi du Atzerri ministroak, "1945ean AEBk Groenlandian 17 base" izan zituela gogorarazi aurretik.