Mundua -
LURRIKARA
Batasun Nazionalak Myanmarko Gobernuaren kontrako erasoak eteteko eskatu du kaltetutako eremuetan
Herrialdean agintzen duen Batzorde Militarraren aurka borroka egiten ari diren Herriaren Defentsa Indarrari eta Herriaren Defentsa Erakundeari egin die eskaera.
agentziak | eitb media
Batasun Nazionaleko Gobernuak Myanmarren agintzen duen Batzorde Militarraren aurkako erasoak apirilaren 12ra arte eteteko deia egin du, ostiralean lurrikarak gogorren jo duen eskualdeetan.
"Tango Moonen 1ean (2025eko martxoaren 29an), Defentsa Ministerioak zuzentarau berezi bat (2/2025) igorri zuen eraso ekintza guztiak bertan behera uzteko lurrikarak kaltetutako eremuetan datozen bi asteetan (martxoaren 30etik apirilaren 12ra), laguntza eta erreskate lanetan ari diren talde nazional eta atzerritarrei laguntza eta beharrezko babesa emateko", jakinarazi du X sare sozialean argitaratutako ohar batean.
Ohar horrekin bertan agintzen duen Batzorde Militarraren aurka borroka egiten ari diren Herriaren Defentsa Indarrari eta Herriaren Defentsa Erakundeari egin die eskaera. Dena den, zehaztu du erasorako ekintzen etenaldia izango dela, eta horrek ez diola defentsari eragingo.
Myanmarko Batzorde Militarrak hildakoen kopurua 1.644ra, zaurituena 3.408ra eta desagertuena 139ra igo ostean iritsi da erabakia.
Batasun Nazionaleko Gobernuak Batzorde Militarraren aurka "herria defendatzeko gerra" deklaratu zuen erbestetik 2021ean, eta boterea bereganatu zuten kolpistei aurre egiteko eskatu zien herritarrei.