Mundua -

SENTENTZIA

Marine Le Penen etorkizun politikoa baldintzatu dezakeen epaia gaur ezagutuko da

2004 eta 2016 urte artean diru-publikoa bide gabe erabiltzea egotzita eseri ziren auzipetuen aulkian Le Pen eta Bilgune Nazionala alderdiko beste 26 kide. Iazko irailean egin zen epaiketa, eta gaur ezagutuko da ebazpena.

Marine Le Pen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Marine Le Pen, artxiboko irudi batean.
Marine Le Pen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marine Le Pen Frantziako eskuin muturreko buruzagiaren etorkizun politikoa kolokan jarri dezakeen epaia gaur ezagutuko da. 2024ko irailean eseri zen akusatuen aulkian, Bilgune Nazionaleko beste 26 alderdikiderekin batera, Europako Parlamentuko 6,8 milioi euro bere alderdia finantzatzeko erabiltzea egotzita.

Epaiketan, Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra (horietako hiru betetzetik salbuetsita), 300.000 euroko isuna eta kargu publikoan aritzeko bost urteko inhabilitazioa eskatu zituen Le Penentzat. Eskuin muturreko buruzagia Frantziako hauteskundeetara (2027an) laugarrenez aurkeztea baldintza dezake, beraz, sententziak.  "Ez dut uste (epaileak) hain urrutira iritsiko direnik", esan du Le Pen berak, joan den larunbatean, La Tribune Dimanche astekarian argitaratutako adierazpenetan.

Leporatzen dizkioten akusazio guztiak ukatu ditu beti Le Penek, eta "justiziak jazarri" duela salatu du.  Bere hitzetan, "boterera heltzea saihestu nahi dute".

Bilgune Nazionalak inoizko ordezkaritza handiena (143 eserleku) eskuratu zuen iaz, Frantziako hauteskunde legislatiboetan, hirugarren postuan geratu bazen ere. "Nire atzean hamaika milioi herritarren botoa dago", nabarmendu zuen buruzagiak.

10 urteko ikerketa

Ikerketa 2014an hasi zuten Frantziako Justiziak eta Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, eta urteotan ia 2.500 proba bildu dituzte. Urte hartan, orduko Fronte Nazionalak (gerora Bilgune Nazionala bihurtu zena) Europako hauteskundeak irabazi zituen Frantzian, eta 24 ordezkari eskuratu ganberan. 

Europarlamentari bakoitzak 23.000 euro zituen hilero aholkulariak kontratatzeko. Bada, Fiskaltzaren arabera, dirutza alderdia finantzatzeko eta kideen nominak ordaintzeko erabili zuten. Fronte Nazionalak alderdiak bizi zuen  krisi ekonomikoa gainditzea lortu zuen modu horretara (Parisen zuen egoitza historikoa saldu behar izan zuten, hori bai). 

Fiskaltzak Jean-Marie Le Pen orduko liderra—30 urtez izan zen europarlamentari— jarri du amarruaren buru, baina zehaztu Marine alabak sistemari eutsi ziola. 

Akusazioaren arabera, Le Penek Europako ganberako dirua erabili zuen bere kabinete buruaren eta bizkartzainaren soldatak ordaintzeko. Bien bitartean, ustez europarlamentarien aholkulariak zirenak apenas zapaldu zuten Estrasburgo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua