Mundua -
NBEren Asanblada
Palestina NBEko Estatu begirale izatearen alde bozkatuko du Espainiak
"Gure historiarekin koherente izateko" eta bakea lortzeko "irtenbide egokiena" dela iritzita hartu du erabakia.
Erredakzioa
Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak iragarri duenez, Palestina Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Estatu begirale izatearen alde bozkatuko du Espainiak biharko Asanbladan.
Margallok Elena Valenciano PSOEren idazkariorde nagusiak Kongresuan egindako galdera bati erantzuteko azaldu duenez, "gure historiarekin koherente izateko" eta bakea lortzeko "irtenbide egokiena" dela iritzita hartu dute erabakia.
Alemania eta Britainia Handia
Alemaniak, bere aldetik, ez du argitu nahi izan zer bozkatuko duen. Atzerri Gaietarako Ministerioko ordezkari batek adierazi duenez, "ez dugu adierazpenik egingo Alemaniaren botoaren inguruan bozketaren aurretik".
Britainia Handitik, berriz, ez dute baztertzen palestinarren eskaria babestea, ebazpenak "bakerako" bidea sustatzen badu beti ere, Britainia Handiko Atzerri Gaietarako Ministeriotik jakitera eman dutenez.