Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
15 kooperanteren gorpuak aurkitu dituzte Gazan, hobi komun batean, Israelek eraso egin ostean
Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Federazioak eta NBEk salatu dute Israelen eraso batean zauritutakoak artatzera joan zirela eta haiei ere eraso egin zietela. "Langile humanitarioek eta medikuek ez dute inoiz helburu izan behar", aldarrikatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako Ilargierdi Gorriak jakinarazi duenez, 15 boluntarioren gorpuak aurkitu dituzte Gaza hegoaldeko hobi komun batean. Israelgo Armadak Rafa hiriaren inguruan egindako eraso batean hil zituzten langile humanitario horiek.
Erakundeak ohar batean adierazi duenez, gorpuen artean Ilardierdi Gorriko zortzi langile, Babes Zibileko sei kide eta Nazio Batuen UNRWA agentziako langile bat daude.
Igandean, hilak 23, larrialdi taldea Rafahra joan zen, Israelek egindako hainbat bonbardaketetan zauritutako pertsonak artatzera. Bost anbulantzia eta suhiltzaileen kamioi bat bertaratu ziren eta geroago, NBEtako auto bat. Israelgo Armadak eraso egin zien eta kontaktua galdu zen eurekin.
Sei egun geroago, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA) Ilargierdi Gorriko langileekin batera, ibilgailuak aurkitu zituen, erabat txikituta eta erdi lurperatuta, eta hainbat orduz zulotik ateratzeko lanean aritu ondoren, gorpuetako bat berreskuratu zuten. Atzo, igandea, beste 14 aurkitu zituzten.
Ilargierdi Gorritik azpimarratu dutenez, "sarraski hau tragedia bat da Palestinako Ilargierdi Gorriarentzat, baina baita lan humanitarioarentzat eta gizateriarentzat ere". Gainera, misioa babestuta zegoela eta Ilargierdiaren ikurra ikusgai zela nabarmendu dute. Horregatik, "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera, gerra krimena" dela argi eta garbi adierazi dute, "okupazioak mundu guztiaren aurrean legea urratzen" jarraitzen duela gehituz.
"Munduak porrot" egin duela ere gehitu dute, "osasun langileak eta langile humanitarioak babestu" egin behar direla eta sarraskiaren egileak justiziaren aurrera eramateko deia egin dute.
Israelek Gazako erasoa hasi zuenetik Palestinako Ilargierdi Gorriko 27 langile hil dituzte.
"Gazan hilketa horiek errutina bihurtu dira", salatu du Philippe Lazzarini UNRWAko buruak, eta "erantzukizunak" eskatu ditu. 2023ko urriaren 7an Israelen eta Hamas talde islamistaren arteko gerra hasi zenetik NBEko agentzia horretako 280 langile hil dituzte.
NBEren salaketa
Jonathan Whittall Palestinako Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko (OCHA) bitarteko buruak azpimarratu du langile humanitarioak eta sanitarioak ez direla "inoiz helburu" izan behar, eta zehaztu du gorpuak zeuden hobi komuna "zanpatuta zegoen anbulantzia baten larrialdi argiei esker aurkitu" dutela.
"Bertara iristea lortu genuenean, izugarrizko eszena bat aurkitu genuen: anbulantziak, NBEren ibilgailua eta suhiltzaileen kamioia zapalduta eta partzialki lurperatuta zeuden", esan du, eta azpimarratu du langile humanitario horiek guztiak "uniformea jantzita hil zituztela, argi eta garbi markatutako ibilgailuak gidatzen ari zirela, eskularruak jantzita, biziak salbatzera zihoazela". "Hau ez zen inoiz gertatu behar", salatu du.