Mundua -

Lurrikara

Myamarreko lurrikaran hildakoak 2.000 baino gehiago dira eta giza-laguntza iristeko zailtasun handiak daude

Oso motel ari da laguntza iristen. Txinako eta Errusiako erreskate taldeak izan dira leku kaltetuenetara iristen lehenak. Suntsipenaz gain, indar armatuen arteko liskarrek egoera zailtzen dute, eta NBEk borrokak eteteko eskatu du.

Erreskate taldeak Mandalay inguruan. Argazkia: EFE.
Erreskate taldeak Mandalay inguruan. Argazkia: EFE.
Erreskate taldeak Mandalay inguruan. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2.000 hildako baino gehiago zenbatu dituzte dagoeneko Myanmarren, joan zen ostiralean izandako 7,7 graduko lurrikararen ondorioz. Herrialdeak bizi duen gatazka militarrak zeregin humanitarioak asko zailtzen ditu, eta Nazio Batuen ERakundeak erasoak etetea eskatu du, indar guztiak erreskate lanetan jartzeko.

2021eko estatu-kolpeaz geroztik agintea duen batzorde militarreko bozeramaileak, Zaw Min Tunek, astelehen honetan jakinarazi duenez, hildakoak 2.056 pertsona dira oraingoz. Zaurituak, berriz, 3.900 zenbatu dituzte..

Bestalde, erregimen militarraren aurka dagoen eta herrialdeko zenbait eremu kontrolatzen dituen Batasun Nazionaleko Gobernuak (NUG, ingelesezko sigletan) 2.418ra igo du hildakoen kopurua bere azken buletinean.

Hala ere, bertako tokiko hedabide independenteek 3.000tik gora direla azaldu dute eta erregimen militarrak emandako laguntza ez dela nahikoa salatu dute.

Laguntza humanitarioa

Lurrikara gertatu eta hiru egunera, laguntza oso motel ari da iristen. Erreskate taldeek eta langile humanitarioek zailtasun ugari saihestu behar dituzte gehien kaltetutako eremuetara iristeko, Sagaing eta Mandalay eskualdeetara. Txinako eta Errusiako erreskate-taldeak dira iritsi diren lehenak eta lanean ari dira dagoeneko, gehien kaltetutako lekuetan.

Azpiegituren suntsipenaz gainera (aireportuak itxita daude eta errepideak eta zubiak deuseztuta), Birmaniak indar armatuen eta gerrillen arteko liskarren ondorioak pairatzen ditu eta oztopo handia dira kaltetutako lekuetara sartzeko. NUGek salatu duenez, lurrikararen ondoren ere, bonbardaketa militarrek bere horretan jarraitzen dute eta hainbat hildako utzi dituzte.

Nazio Batuen Erakundeak Myanmarrera bidali duen Julie Bishopek borrokak eteteko deia egin du, ahalegin guztiak biktimei laguntzen egin ahal izateko.

Erakunde humanitarioak errejimen militarrarekin hizketan ari dira hondamendiak artatzen espezializatutako langileei bisatuak lehenbailehen eman diezazkien. NBEk oztoporik gabeko sarbidea eskatu du botikak eta elikagaiak bereizketa politikorik gabe eman ahal izateko. Izan ere, hondamendia baino lehen, oinarrizko beharrak bete gabe zituen biztanleriaren herena (20 milioi pertsona) zuen herrialde batean. Erakundeak ohartarazi du ospitaleak gainezka daudela eta pertsona asko kanpoan lo egiten ari direla, erreplika berrien beldur.

NBEk Gai Humanitarioetarako duen bulegoak azaldu duenez, lurrikarak "eskualde askotan" utzi duen "eragin masiboari" buruzko informazioa biltzen ari dira oraindik.

Bestetik, komunikabide agentziek adierazi dute erregimen militarrak herrialdera sarrera ukatu diola atzerriko prentsari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Albisteak Gaur Albisteak Lurrikarak gaur Asia