Mundua -
Gerra komertziala
Von der Leyen: "Muga-zergek zaurgarrienei egingo diete kalte eta Europak erantzuna prest du"
Europako Batzordearen presidenteak ez du zehaztu zer-nolako neurriak hartuko dituen Trumpen muga-zergen aurrean, eta negoziaziorako deia egin du, beste behin. Hori bai, ohartarazi duenez, Batzordea "erantzuteko gertu dago". EBko eta AEB Merkatarita komisarioek bilera egingo dute ostiralean.
Agentziak | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak gerra komertzial globala iragarri ostean, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak azpimarratu du "erantzuteko prest" dagoela, erantzun hori nolakoa izango den zehaztu ez badu ere.
"Altzairuaren gaineko muga-zergei erantzuteko neurri sorta ia prest dugu, eta negoziazioek kale egiten badute, gure interes eta negozioak babesteko neurri gehiago ditugu esku artean", esan du Von der Leyenek.
Dena dela, diplomaziarako deia egin du berriro Europako buruzagiak. Izan ere, horren ustez, "bada alternatibarik, oraindik garaiz gaude arazoak negoziazioen bidez konpontzeko".
Von der Leyenen arabera, muga-zergek "mundu guztiari egingo diete kalte, batez ere zaurgarrienei". "Ondorio negargarriak ekarriko dizkie mundu osoko milioika laguni. Baita herrialde zaurgarrienei ere, AEBk muga-zerga handienak jarri dizkielako"
"Milioika herritarrek elikagaiak erosteko diru gehiago ordaindu beharko dute. Botikak ere garestiagoak izango dira, baita garraioa ere. Inflazioak gora egingo du, eta horrek zaurgarrienei egingo die kalte", azpimarratu du.
EB-AEB Merkatarita komisarioen bilera
Maros Sefcovic Europar Batasuneko Merkataritza komisarioak AEBko homologoarekin hitz egingo du ostiral honetan, Donald Trump presidenteak Europar Batasunetik -besteak beste- AEBra doazen inportazio guztietarako iragarri dituen % 20ko muga-zergei irtenbide negoziatu bat bilatzeko elkarrizketaren garrantzia azpimarratzeko.
"Justifikaziorik gabeko muga-zergak kaltegarriak dira ezinbestean", idatzi du Sefcovicek sare sozialetan zabaldutako erreakzio labur batean, Trumpek muga-zergak iragarri ostean, AEBrekin biharko bilera itxi eta ordu batzuetara.
"Lasaitasunez, kontu handiz eta modu bateratuan jokatuko dugu, gure erantzuna aztertzen dugun bitartean", argudiatu du politikari eslovakiarrak, eta azpimarratu du horrela "negoziazioetarako behar den denbora" emango dela.
Bruselaren eskumeneko politika izanik, komisarioak EBko 27 Estatuen izenean hitz egin du merkataritza arloan, eta gaineratu duenez, bidezko akordio bat lortzen ez bada Europar Batasuna "ez da besoak gurutzatuta geratuko".
Frantziak inbertsioak etetea erabaki du
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidentea AEBko presidenteari presioa egiten saiatu da, gaur iragarri baitu Frantziak Ameriketako Estatu Batuetan inbertsioak bertan behera utziko dituela, muga-zergen egoera "argitu arte".
"Zer mezu emango genuke Europako eragile ekonomiko handiek milaka milioi euro inbertituko balituzte Estatu Batuetako ekonomian (Washington) muga-zergekin astintzen ari zaigunean?", galdetu du Macronek, karga berriek gehien kolpatutako sektoreetako ordezkariak Eliseoan izan diren premiazko bilerari hasiera eman dion hitzaldiaren amaieran.
Frantziako presidenteak azpimarratu du garrantzitsua dela "etorkizuneko inbertsioak, edo duela gutxi iragarritakoak, bertan behera uztea, Estatu Batuekin gauzak argitu arte".