Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek 27 pertsona hil ditu, horietako 18 haurrak, eskola baten aurka egindako bonbardaketan, Gazan

Dar Al-Arqam da oraingo honetan erasoa jasan duen eskola, desplazatutako milaka zibil hartzen dituena. Israelek 229 gutxienez errefuxiatu zentrori eraso die 2023ko urriaren 7tik. Azken egunean Armada sionistak 100 bat pertsona hil ditu.

Israelek jaurtitako lehergailuak Dar Al-Arqam eskolaren gainean erortzen. Argazkia: EFE
Israelek jaurtitako lehergailuak Dar Al-Arqam eskolaren gainean erortzen. Argazkia: EFE
Israelek jaurtitako lehergailuak Dar Al-Arqam eskolaren gainean erortzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 27 pertsona, tartean 18 ume, hil eta 70 inguru zauritu ditu Israelek gaur Gaza Hiriko eskola baten aurka egindako bonbardaketa batean, Palestinako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

"Gaur (Israelek) Dar Al-Arqam eskolari eraso egin dio Gaza hirian, botere suntsitzaile handiko hainbat misilekin, nahiz eta eskolak milaka zibil desplazatu hartu, eta euren etxeak utzi behar izan dituzten, abian zen bonbardaketa bortitzaren ondorioz", salatu du Gazako Gobernuak ohar batean.

Gainera, Gazako Gobernuak salatu du larrialdi zerbitzuak zailtasunak izaten ari direla zaurituak eta biktima batzuk dauden tokietara iristeko, gero hirian funtzionatzen duten ospitale bakanetara eraman ahal izateko.

"Osasun sistema ia erabat kolapsatzen ari da, ospitaleak suntsitu dituztelako eta indarrean dagoen blokeoaren eraginez, eta horrek oso zail egiten du zaurituei arreta medikoa eskaintzea", adierazi du erakundeak.

Palestinar bat Israelek eskolaren aurka egindako erasoan hildako ume baten gorpua beso artean duela. Argazkia: EFE

Palestinar bat Israelek eskolaren aurka egindako erasoan hildako ume baten gorpua beso artean duela. Argazkia: EFE

Bestalde, Israelgo Armadak bonbardaketa hori justifikatu du, beti egiten duen bezala, bere helburuak "Gaza Hiriko aginte eta kontrol gune batean zeuden terroristak" zirela esanez, eskola behin ere aipatu gabe.

Orain arte, 229 desplazatu zentrori eraso die Israelek

Palestinako Gobernuak gogorarazi duenez, Israelek, 2023ko urriaren 7tik, gutxienez 229 desplazatu zentrori eraso die, "nazioarteko konbentzio guztiak urratuz".

Gainera, Estatu sionistak gazatarren milaka etxe suntsitu ditu, eta errefuxiatu horietako asko kanpin-dendetan edo eskolatan erasoetatik babestera behartu ditu.

Azken egunean, Israelek 100 bat pertsona hil ditu, Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu