Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
Trumpen muga-zergak negoziatzeko bilera egingo du gaur EBko Merkataritza komisarioak AEBko ordezkariekin
"Negoziazioetarako behar den denbora" hartuko dutela azpimarratu du Maros Sefcovic komisarioak, baina ohartarazi du Europar Batasuna ez dela "besoak gurutzatuta" geratuko bidezko akordio bat lortzen ez bada.
AGENTZIAK | EITB Media
Maros Sefcovic Europar Batasuneko Merkataritza komisarioak bilera egingo du gaur AEBko merkataritza arduradunekin, Donald Trumpek iragarritako muga-zergak negoziatzeko asmoz. Europar Batasuneko herrialdeei % 20ko muga-zerga ezarri die Trumpek, eta inportatutako autoei ezarritakoa (% 25) eta altzairuaren eta aluminioaren gainekoa (% 25) gehitu behar zaizkio horri.
"Justifikaziorik gabeko muga-zergak kaltegarriak dira ezinbestean", esan du Sefcovicek sare sozialetan zabaldutako mezu labur batean, Trumpek muga-zergak iragarri ostean AEBrekin gaurko bilera itxi eta ordu batzuetara.
Muga-zergen inguruko auzia abiatu zenetik, Europako Merkataritza komisarioak bi bidaia egin ditu Washingtonera, eta gutxienez bi aldiz hitz egin du Howard Lutnick Merkataritza idazkariarekin eta Jamieson Lee Greer merkataritza arduradunarekin, Europako Batzordeko iturrien arabera. Azken bidaia, hain zuzen ere, Trumpek automobilgintzari muga-zergak iragarri bezperan egin zuen.
"Lasaitasunez, kontu handiz eta modu bateratuan jokatuko dugu, gure erantzuna aztertzen dugun bitartean", iragarri du politikari eslovakiarrak, eta "negoziazioetarako behar den denbora" hartuko dutela azpimarratu du.
Merkataritza Bruselaren eskumena izanik, komisarioak EBko 27 estatuen izenean hitz egingo du. Bidezko akordio bat lortzen ez bada, Europar Batasuna "ez da besoak gurutzatuta geratuko", gaineratu du.
Bruselak "erantzuteko prest" dagoela azpimarratu du azken orduetan, hartuko dituen neurriak ezagutu zain, erantzun hori nolakoa izango den zehaztu ez badu ere. Antza denez, muga-zergak aplikatuko dizkie AEBtik datozen hainbat produkturi apirilaren 15etik aurrera.
Europar Batasuneko 27 estatu kideek lehen neurri sorta eztabaidatuko dute apirilaren 9an, 26.000 milioi euroko eragina izan dezakeena. Muga-zerga berriak apirilaren 15ean sartuko dira indarrean, baina diru bilketa maiatzera atzera liteke, Munduko Merkataritza Erakundeak ezarritako esparrua betetzeko.