Mundua -

Gaza (Palestina)

Autopsiak baieztatu du israeldarrek nahita hil zituztela Rafahko 15 osasun-langileak

Palestinako Ilargi Gorriaren ahotan, erasoa "gerrako krimena da, eta agerian uzten du Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa behin eta berriz urratzen duen patroi arriskutsua".

Ilargierdi Gorriko kideak euren lankideen gorpuen ondoan. Irudia: Europapress
Ilargierdi Gorriko kideak euren lankideen gorpuen ondoan. Irudia: Europapress
Ilargierdi Gorriko kideak euren lankideen gorpuen ondoan. Irudia: Europapress

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinako Ilargi Gorriak gaur jakitera eman duenez, joan den martxoaren 23an Rafahn hildako 15 osasun-langileen gorpuei egindako autopsiak agerian uzten du biktimei goiko aldean tiro egin zietela, eta horrek baieztatzen du Israelgo militarrek nahita hil zituztela.

"Behin-behineko azterketaren arabera, medikuek bala zauri ugari jasan zituzten euren gorpuen goialdean, eta horrek nahita hil zituztela frogatzen du", argitaratu du Palestinako Ilargi Gorriak bere sare sozialetan zabaldutako ohar batean.

Gainera, Asaad al Nasasra, mediku gisa identifikatutako konboiko hamaseigarren osasun-langilea, "egun oraindik ez dakite non dagoen". "Okupazioko agintariei berehala aurkitzeko eskatzen diegu", erantsi du.

Palestinako Ilargi Gorriaren hitzetan, eraso hau "gerrako krimena da, eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa behin eta berriz urratzen duen patroi arriskutsu bat erakusten du".

Akusazioak, gainera, biktimetako batek, Rifaat Raduan medikuak, grabatutako bideoan oinarritzen dira. Bertan, argi eta garbi identifikatutako anbulantziak ikusten dira, larrialdietako argiak martxan dituztela, konboiaren lehen anbulantziari eraso zioten lekura bidean. Horrela, Ilargi Gorri Palestinarrak Israelen lehen bertsioa gezurtatzen du, hau da, ibilgailuak ez zeudela identifikatuta eta eremuan zeuden tropa israeldarrentzat "mehatxua" zirela.

Bost minutuko tiroketa

Bideoan ikus daitekeenez, konboiari "bost bat minutuz eraso zioten". Ondoren, beste tiro batzuk izan ziren noizean behin, "gutxienez bi orduz".

"Ez da gertakari isolatu bat izan, ezta akats indibidual bat ere, nahita egindako erasoa baizik", nabarmendu du erakunde humanitario palestinarrak. Israelek Al Hashasin inguruan egindako bonbardaketa baten biktimei laguntzera zihoanean eraso zioten lehen anbulantziari.

Hobi handi batean

Martxoaren 30ean 14 gorpu berreskuratu zituzten, tartean Palestinako Ilargi Gorriko zortzi kide eta Defentsa Zibileko bost. Gorpuak elkarrekin zeuden, sare beltzezko poltsa batean, hobi handi batean, "giza duintasunaren kontrako modu basatian" lurperatuta.

Gainera, konboiaren ibilgailuak "erabat suntsitu eta hondakinen azpian lurperatu zituzten, ibilgailu horiek berriro erabil ez zitezen".

Palestinako Ilargi Gorriak nazioarteko ikerketa independentea eta "arduradun guztiek kontuak ematea" eskatu du. "Nazioartearen isiltasuna talde humanitarioen aurkako eraso horien aurrean, Gazako palestinarrentzat heriotza-epai bat izateaz gain, beste edozein tokitako lan humanitarioarentzat mehatxu zuzena da", ohartarazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Medikuak Giza eskubideak Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu