Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Elon Muskek "tentel" eta "tontolapiko" deitu dio Peter Navarro Trumpen aholkulariari
Trumpen gertuko bi aholkulariren arteko eztabaidak zeresan mediatiko handia sortu du, nahiz eta Etxe Zuriak garrantzia kentzen saiatu. "Mutilen arteko kontuak dira", esan du Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak.
Agentziak | EITB Media
Elon Musk Teslaren jabeak Peter Navarrori, Donald Trump AEBko presidentearen Merkataritza eta Manufaktura aholkulariari, "tentel" eta "tontolapiko" deitu dio gaur, X sare sozialean, handi-mandiaren auto elektrikoen fabrikazioa dela eta egindako kritikei erantzunez. Beste mezu batean, izena aldatu eta "Peter Retarrdo" (atzeratu) idatzi du Muskek.
Trumpen gertuko bi aholkulariren arteko eztabaidak zeresan mediatiko handia sortu du, nahiz eta Etxe Zuriak garrantzia kentzen saiatu. "Mutilen arteko kontuak dira", esan du Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurreko batean.
Horrela, Musken eta Navarroren arteko gerrak jarraitzen du, Navarrok NBC Newsi egindako adierazpenetan Etxe Zuriarentzat eta Estatu Batuetako herritarrentzat Elon Musk "auto fabrikatzailea" dela adierazi ondoren.
"Baina bera ez da auto ekoizlea, muntatzailea baizik", gaineratu du aholkulariak. Teslaren osagaiak munduko hainbat lekutatik datozela gogorarazi du Navarrok, hala nola Txinatik, Taiwandik edo Japoniatik.
Navarrok azpimarratu duenez, Muskek "atzerriko osagai (mekaniko) merkeak" nahi ditu; Gobernuak, aldiz, autoak Estatu Batuetan osorik egin nahi ditu.
Adierazpen horiek jasotzen zituen bideo bati erantzunez, Muskek esan du Navarrok dioena "guztiz faltsua" dela, eta gaineratu du "Teslak Estatu Batuetan fabrikatutako auto gehien" dituela.
Navarrok handi-mandiari buruzkoak inoiz edo behin bota izan ditu; izan ere, Muskek Europar Batasuneko (EB) produktuen gaineko muga-zergak kentzearen alde dagoela adierazi ondoren, aholkulariak esan zuen aberatsak "bere interesak babesten dituela, beste edozein enpresaburuk egingo lukeen moduan".
"Uste dut garrantzitsua dela ulertzea Elonek ibilgailuak saltzen dituela. Horretan dihardu", esan zuen Navarrok astelehenean Fox News katean egindako elkarrizketan.