Mundua -
MERKATARITZA GERRA
AEBko zein produkturi ezarriko die muga-zerga Europak?
Arto gozoa, arroza, esentzia-olioak, mineralak eta oilo erruleak daude, besteak beste, Europar Batasunak prestatu duen zerrenda luzean. Bourbon whiskia eta ardoa, aldiz, kanpoan geratu dira.
EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zerga berriak indarrean dira gaurtik, eta Europar Batasunak txanpon berarekin erantzungo du. Asteon jakinarazi du EBk AEBko zein produkturi ezarri nahi dizkion muga-zergak, % 25ekoak. Mahai gainean jarri duen zerrendan 1.600 produktu baino gehiago ageri dira, etxetresna elektriko eta tabakoa zein arropa, esentzia-olio eta altzariak.
Gaur bozkatu dute proposamena Estatukideek, eta aurrera egin du.
Bi taldetan banatu ditu EBk produktuak, eta hainbat epe izango ditu muga-zergak ezartzen hasteko. Aurreneko taldeko produktuen gaineko zergak apirilaren 15etik aurrera ezarriko dira; eta bigarren taldekoenak, maiatzaren 16tik aurrera. Merkataritzaren Munduko Erakundeak ezarritako araudira egokitutako plangintza jarraitzea da asmoa.
Produktuen zerrenda
2018ko merkataritza krisian zergapetu ziren esportazioen zerrenda berreskuratu nahi du Europako Batzordeak. Talde horretan daude, besteak beste, arto gozoa, arroza, zigarroak, puruak, esentzia-olioak, oinetakoak, askotariko altzariak, segurtasun-beirak edota optikako produktuak.
Horiekin batera, beste zerrenda luze bat jarri du mahai gainean Ursula Von de Leyenek zuzentzen duen erakundeak: mineralak, eraikuntza zibilerako materiala, oilo erruleak eta hainbat kafe mota daude bigarren talde horretan.
Eta azkenik, arbendolekin eta sojarekin egindako bost produktuko zerrenda bat ere osatu du, baina horien gaineko zerga urte amaiera aldera ezarriko litzateke.
Bourbon whiskia, zerrendatik kanpo
EBk landutako hasierako proposamenean Bourbon whiskia sartu bazuten ere, azkenean, zerrendatik kanpo uztea erabaki dute, hainbat herrialdek egindako eskaria onartuta.
Izan ere, Trumpek iragarri zuen Bourbon whiskia zergapetuz gero, Europako ardoari eta bestelako zenbait edariri % 200eko muga-zerga ezarriko ziela.
Europaren lehen erantzuna da honakoa. Nolanahi ere, EBk hasieratik argi esan du "negoziazioa" dela lehenetsi nahi nuen bidea, eta produktu industrialetan muga-zergarik ez egotea proposatu dio AEBri.