Mundua -

ALEMANIA

Alemaniako kontserbadoreek eta sozialdemokratek gobernua osatzeko akordioa lortu dute

Muga-zergen ondorio ekonomikoek eta burtsen beherakadak bultzatuta, bloke kontserbadoreak (CDU eta CSU) eta sozialdemokratek (SPD) negoziazioei biziago ekin diete. Halaber, SPD alderdiak kontsulta egingo die afiliatuei.

Friedrich Merz izango da Alemaniako hurrengo kantzilerra. Artxiboko argazkia: EFE
Friedrich Merz izango da Alemaniako hurrengo kantzilerra, artxiboko irudi batean
Friedrich Merz izango da Alemaniako hurrengo kantzilerra. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontserbadoreek eta sozialdemokratek Alemanian koalizio gobernua osatzeko akordioa lortu dute, hauteskunde orokorrak egin eta hilabete eta erdira eta 27 egunez negoziatu ondotik.

Itxura guztien arabera, Friedrich Merz hurrengo kantzilerra izango denak 15:00etarako deitu ditu hedabideak Batasun Kristau Demokratak (CDU) Batasun Sozial Kristauarekin (CSU) eta Alderdi Sozialdemokratarekin (SPD) lortu duen akordioaren xehetasunak azaltzeko. CDU eta CSU alderdiek osatutako bloke kontserbadoreak irabazi zituen otsailaren 23ko hauteskundeak, AfD eskuin muturreko alderdiaren eta SPDren aurretik.

Atzo hainbat hedabidek akordioa itxita zegoela aurreratu bazuten ere, gaur goizean adostu dituzte zerga-politikari buruzko azken xehetasunak.

Bild egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, SPDk Defentsa Ministerioari eutsiko dio eta Finantza eta Justizia Ministerioak ere bere gain hartuko ditu.

Kontserbadoreek Barne Ministerioaren ardura izango dute, eta 1966tik lehen aldiz, baita Atzerri Gaietarako kartera ere.

Politico hedabideak berri eman duenez, CDUk sei ministerio eta kantzilerra izango ditu; SPDk, sei ministerio, eta CSUk, hiru.

Muga-zergen ondorio ekonomikoek eta burtsen beherakadak bultzatuta, bloke kontserbadoreak (CDU eta CSU) eta sozialdemokratek (SPD) negoziazioei biziago ekin diete. Halaber, SPD alderdiak kontsulta egingo die afiliatuei.

CDUk "kongresu txiki" bat egiteko asmoa du, akordioa onartzeko. CSUren kasuan zuzendaritzak dauka erabakitzeko gaitasuna.

Kontsulta horiek guztiak direla eta, Merz kantziler izendatzeko behe ganberan egingo den bozketa maiatzaren 6 edo 7ra arte atzeratuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Alemania bideoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania gaur