Mundua -

Palestina

Israelek aurrera jarraitzen du bere kolonizazio planarekin eta Gazan lurraldeak okupatu dituela ziurtatu du

"Eremu asko hartu eta Israelgo Estatuko segurtasun eremuetara anexionatzen ari gara, Gaza txikiago eginez eta isolatuago utziz", baieztatu du Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak.

Israelek 23 pertsona, tartean zortzi emakume eta zortzi haur, hil ditu gaur Shujaiyan (Gaza). EFE
Israelek 23 pertsona, tartean zortzi emakume eta zortzi haur, hil ditu gaur  Shujaiyan (Gaza). EFE
Israelek 23 pertsona, tartean zortzi emakume eta zortzi haur, hil ditu gaur Shujaiyan (Gaza). EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak Morag korridorea bisitatu du gaur. Gaza hegoaldeko gune horretan daude tropa israeldarrak, eta Armadak Palestinako hainbat eremu hartu eta "segurtasun eremuetara erantsi" dituela baieztatu du ministroak.

"Eremu asko hartu eta Israelgo Estatuko segurtasun eremuetara anexionatzen ari gara, Gaza txikiago eginez eta isolatuagoa utziz. Hamasek ezezkoari eusten badio eta bahituak laster askatzen ez baditu, Armadak eraso gogorrak egingo ditu Gazan zehar bahituak askatu eta Hamas garaitu arte", adierazi du Defentsa Ministerioak zabaldutako ohar batean.

"Armada terroristak akabatzen, azpiegitura terroristak aurkitzen eta zapuzten eta Gazako Zerrenda Morageko ardatzean banatzen ari da, orain arte operaziorik egin ez dugun lekuan", esan du ministroak oharrean.

Morag korridorea, bere izena kolonogune israeldar batetik jasotzen duena (2005eko desegina), Rafah hiriaren gainean dago, eta, horrela, lurraldearen beste hiri handi batetik, Khan Yunisetik, isolatu dute.

Netzarim, Morag eta Filadelfia

Horrela, Israelek Gazan hiru korridoreak bereganatu ditu dagoeneko, Palestinako lurraldea zatikatuz: Netzarim, iparraldea eta Gaza Hiria isolatzen dituena; Morag, zeinaren gainean Zerrendaren erdigunea eta Khan Yunis dauden; eta Filadelfia, Palestinako lurraldearen hegoaldeko muga, Rafah baztertuta utziz.

Gainera, Israel prest dago Rafah eta inguruko auzoak (lurraldearen bosten bat hartzen du, eta erasoaldiaren aurretik 200.000 palestinar baino gehiago bizi ziren bertan) bereganatzeko, Haaretz egunkari israeldar liberalak jakitera eman duenez.

Egunkariak dio Israelgo Armada Filadelfia korridorearen (Egiptorekin muga egiten duena) eta duela gutxi sortutako Morag ardatzaren (Rafah eta Khan Yunis artean nekazaritzarako lurrak zeharkatzen dituen korridore militarra) arteko eremua bereganatzen saiatzen ari dela.

Israelek martxoaren 18an Gazan su-etena hautsi zuenetik, 390.000 palestinar baino gehiago ihes egitera eta desplazatzera behartu ditu. Jadanik lurralde palestinarraren % 66 Israelen kontrolpean dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ultraeskuina Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu