Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Merkatuen balizko manipulazio baten itzala Trump Administrazioan
Hainbat ordezkari demokratak eskatu dute ikertzea Gobernuan zein pertsonak zuen presidentearen jarrera aldaketaren berri muga-zergen inguruan, eta ea etekina atera dioten informazio horri.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak "elkarrekiko muga-zerga" gehienetan 90 eguneko etenaldia iragarri zuen, agintariak berak inbertitzaileei erosteko gonbidapen publikoa egin eta ia hiru ordura. Wall Streeteko indize nagusien gorakada eragin zuen handi-mandiaren erabakiak. Horrela, asteazkeneko saioan Dow Jones % 7,87 igo zen, Nasdaq % 12,16, eta S&P 500 adierazlea % 9,52.
Gaur, Alderdi Demokratako zenbait ordezkarik publikoki azaldu dute beharrezkoa dela ikertzea Estatu Batuetako presidenteak muga-zergen inguruan duen jarrera aldaketaren berri zein pertsonak zuten eta informazioari etekina atera ote dioten, etenaldia iragarri baino ordu batzuk lehenago Trumpek berak sare sozialetan "erosteko une bikaina" zela adierazi ondoren.
Ildo horretan, Adam Schiff senatari demokratak ohartarazi du Trump gorabehera handiak sortzen ari dela merkatuan, bere muga-zergekin, eta politikariaren etengabeko jarrera aldaketa horiek "abagune arriskutsuak" eskaintzen dituztela "informazio pribilegiatua erabiltzeko".
"Administrazioan nork zekien aldez aurretik muga-zergen inguruko azken aldaketa erradikala? Inork akzioak erosi edo saldu zituen eta herritarren kontura baliatu zen?", galdetu du Schiffek X sare sozialean, eta aurreratu du Etxe Zuriarekin harremanetan jarriko dela horri buruzko informazioa eskatzeko.
Hala ere, "erabat kontziente naiz Etxe Zuria izango dela ziur asko Administrazioaren ustelkeria kasu honi edo beste edozeini buruz gardena izango den azken tokia", onartu du geroago zabaldutako bideo batean. Bertan, Kongresuak erantzunak eskatu baino gehiago ekin behar duela adierazi du senatari demokratak. "Honen muinera iritsiko gara, jendea AEBko herriaren kontura aberasten ari den jakiteko", ohartarazi du.
Era berean, Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokrata azken 48 orduetan akzioak erosi dituzten AEBko Kongresuko ordezkariek horren berri ematearen alde agertu da.
"Azken 48 orduetan akzioak erosi dituen Kongresuko edozein kidek jakinarazi beharko luke orain", eskatu du ordezkari demokratak bere X sare sozialean. Bestalde, "elkarrizketa interesgarriak" entzun dituela nabarmendu du. "Kongresuan informazio pribilegiatua erabiltzea debekatzeko garaia da", erantsi du.