Mundua -
Siderurgia
Erresuma Batuko Parlamentuan aurrera egin du British Steel salbatzeko proiektuak
Lege-proiektua (Neurri Berezia) Lorden Ganberaren esku geratu da orain, eta hark ere argi berdea eman behakro dio Gobernuak British Steel siderurgiaren kontrola bere gain har dezan eta ez dezan itxi lortu nahi badu.
Agentziak | EITB Media
Erresuma Batuko Komunen Ganberak (parlamentua) British Steel siderurgiaren kontrola bere gain hartzeko eta hura ixtea saihesteko Erresuma Batuko Gobernuak ordu batzuk lehenago aurkeztutako larrialdiko lege-proiektua onartu du larunbat honetan, hirugarren irakurraldian.
Lege-proiektua (Neurri Berezia) Lorden Ganberaren (senatua) esku geratzen da orain, oniritzia eman eta Erresuma Batua bere altzairua ekoizteko gaitasunik gabe gera ez dadin.
Ekimen honekin, Gobernuak martxan mantendu nahi du Ingalaterrako ipar-ekialdean dagoen lantegia, Txinako jabearekin -Jingye- egindako negoziazioek ez baitzuten aurrera egin, galera "esanguratsuak" zituela irizten baitio Jingyek.
Komunek hiru orduz eztabaidatu dute testu legegilea, eta prozesu legegilearen lehen urratsetan onartu dute diputatuek (fase garrantzitsuena), bozketaren beharrik gabe, Exekutibo laboristak gehiengoa baitu ganberan.
Lordek lege-proiektua itxi eta bozkatu ondoren, proiektua Komunengana itzuliko da behin betiko oniritzia emateko, Carlos III .a Erresuma Batuko Estatuko buruaren onespena jaso baino lehen.
Saioaren hasieran, Enpresa ministro Jonathan Reynoldsek gaurko hitzorduaz esan du "ezohiko egoera" batek bultzatuta deitu dutela, "ezohiko neurriak" eskatzen dituelako, "ezohiko testuinguru honetan".
GMB sindikatuak ziurtatu du denbora asko daramala nazionalizazioaren alde egiten, Erresuma Batuko industria siderurgikoa salbatzeko bide bakarra delakoan.
Joan den martxoaren amaieran, British Steelen jabeek, Jingye Group txinatarrak, iragarri zuen Ingalaterrako Scunthorpe herrian bere bi labe garaiak eta altzairua ekoizteko lantegia ixteko eta altzairua ijezteko ahalmena murrizteko asmoa, 2.700 lanposturen etorkizuna kolokan jarriz.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak onartu du British Steel siderurgiaren etorkizuna "zalantzan" dagoela, eta herrialdeko ekonomia eta segurtasuna "arriskuan" daudela industria desagertzeko aukeraren aurrean.
Mezu labur batean, Starmerrek adierazi du Parlamentuak "larrialdiko legedia" onartuko duela "Enpresa ministroari (Jonathan Reynolds) Ingalaterrako iparraldeko Scunthorpe lantegiaren itxiera geldiarazteko boterea emateko".
Hala ere, Starmerrek ez du zehaztu bere Gobernuak konpainia nazionalizatuko duen ala ez, eta "aukera guztiak mahai gainean" daudela baino ez du adierazi. BBCren arabera, ez da aurreikusten British Steel erabat nazionalizatzea.
Altzairuaren industriak une zaila bizi du AEBk bultzatutako merkataritza gerran murgilduta, Donald Trump Etxe Zuriko buruzagiak % 25eko muga-zerga globalak ezarri baitzizkien siderurgiaren eta aluminioaren sektoreko inportazioei martxoan.