Mundua -

Gaza erasopean

Gazan su-etena lortzeko beste saiakera bat egiten ari dira, Egipto bitartekari

Hamasen ordezkaritza bat Kairon dago Egiptoko bitartekariekin su-etenaz solasteko, eta Israelekin bahituak eta presoak trukatzeko aukera aztertzeko.

Gaza. Argazkia: EFE
Gaza. Argazkia: EFE
Gaza. Argazkia: EFE

Agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamas talde islamista palestinarreko ordezkaritza bat Kairon dago Egiptoko bitartekariekin Gazako su-etenaz hitz egiteko, eta Israelekin berriro presoak eta bahituak trukatzeko aukera aztertzeko, bertako polizia-iturriek jakinarazi dutenez.

Hamasek ohar batean azaldu duenez, "Israel Gazako Zerrendan egiten ari den etengabeko erasoaldiari amaiera emango dion akordioa lortzeko Egipto eta Qatar egiten ari diren esfortzuen baitan kokatzen dira" elkarrizketak.

Talde islamistaren arabera, "modu onean" erantzuten diote "edozein proposameni, su-eten iraunkorra, Israel Zerrendatik joatea eta palestinarren sufrimenduari amaiera emango liokeen presoen trukerako akordio serioa bilatzen badu".

Jalil al Haya dago Hamasen ordezkarien artean, eta esana du haien esku dauden bahitu guztiak aldi berean askatzeko prest daudela Israelek Gazatik alde egiten badu eta gerra betiko amaitzen bada.

Hamasek 59 israeldar ditu bere esku Gazan, eta horietako 24k bizirik jarraitzen dutela uste dute.

Bestalde, Gazako Zerrendako agintariek jakitera eman dutenez, jada 50.944 palestinar hil ditu 2023ko urriaren 7tik Israelek.

Gazatako Osasun Ministerioak ohar batean adierazi duenez, 116.156 zauritu ere baieztatu dituzte. Azken 24 orduetan 11 hildako eta 111 zauritu eragin ditu Israelgo Armadak Gazan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Hamas