Mundua -
Gerra komertziala
Trumpek EBri ezarritako muga-zergei amaiera ematen saiatzeko bilerak, akordiorik ez
Howard Lutnick AEBko Merkataritza estatu-idazkariarekin eta Jamieson L. Greer merkataritza-arduradunarekin izandako bileraren amaieran, Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioak idatzi du Europar Batasunak "bidezko akordio bat" lortzeko prest jarraitzen duela.
Agentziak | EITB Media
Maros Sefcovic Europar Batasuneko Merkataritza komisarioak akordiorik gabe amaitu du Washingtonen Trumpen ordezkariekin egindako bilera, AEBko presidenteak abiatutako muga-zergen gerrari amaiera emango dion irtenbide bat adosteko saiakeran.
Howard Lutnick Estatu Batuetako Merkataritza estatu-idazkariarekin eta Jamieson L. Greer merkataritza arduradunarekin izandako batzarraren bukaeran, Sefcovicek sare sozialetan idatzi du Europar Batasunak prest jarraitzen duela "bidezko akordio bat" lortzeko.
Komisarioak EBko 27 estatu kideen izenean merkataritza arloan dihardu, eta ohar labur batean adierazi du konponbide bat lortzeko "ahalegin handia" egin beharko dutela "bi aldeek", eta, aldi berean, berretsi egin du Bruselaren eskaintza "elkarrekikotasun" akordio baterako, industria produktuen gainean "zero muga-zerga" ezarrita.
Nolanahi ere, komisario eslovakiarrak berretsi du Bruselak eta Washingtonek eman duten "aukera-leihoa aprobetxatzeko" deia, muga-zergen lehen txandaren "90 eguneko etenaldiarekin", nahiz eta Trumpek Europako altzairuaren eta aluminioaren aurkako neurriei eutsi.
Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, Olof Gill Sefcovicen bozeramaileak gogorarazi du Europako Batzordeak EBren merkataritza-politikaren eskumen esklusiboa duela, eta "bide bikoitz" baten alde egin duela: elkarrizketari heldu eta aurre egiteko neurriak prestatu.