Mundua -
Gerra komertziala
Cuerporen ustez, posible da Washingtonekin "bidezko akordio onuragarria" ixtea
"Bessent idazkariak mezu argia helarazi du: akordioa lortu nahi dute merkataritza bazkide nagusiekin, besteak beste, Europar Batasunarekin", adierazi du Espainiako ministroak AEBko estatu-idazkariarekin bildu ostean.
Agentziak | EITB Media
Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak gaur Scott Bessent AEBko Altxorraren estatu-idazkariarekin bildu ostean adierazi duenez, posible da Estatu Batuekin akordio "bidezko eta onuragarria" sinatzea.
"Ziur gaude, (Maros) Sefcovic komisarioa negoziazio honen buru izanda, lortu ahal izango dugula akordio orekatua, bidezkoa eta bi aldeentzat onuragarria", azpimarratu du ministroak AEBko hiriburuan egindako topaketen amaieran.
Espainiako ministroak adierazi duenez, Estatu Batuek Europar Batasunarekin negoziatu nahi dute akordioa ixteko, Scott Bessent AEBko Altxorraren estatu-idazkariak gaur Washingtonen egin duten bileran jakinarazi dionez.
"Bessent idazkariak mezu argia helarazi du: haiek akordioa lortu nahi dute bazkide komertzial nagusiekin, besteak beste, Europar Batasunarekin", adierazi du komunikabideen aurrean AEBko idazkariarekin bildu ostean.
Zentzu horretan, eta AEBko Administrazioak emandako 90 eguneko epea amaitu baino lehen akordioa lortzea posible ikusten ote duen galdetuta, ministroak esan du batzarraren ostean agerikoa dela "joan den astean 90 eguneko etenaldiarekin ireki zela negoziaziorako atea", Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergak gorabehera.
"Joan den astean 90 eguneko etenaldiarekin zabaldu zen negoziaziorako ate hori ageriki zabaldu da, eta hemen ziur gaude, Sefcovic komisarioa Europaren aldetik negoziazio horren buru izanik, bi aldeentzat orekatua, bidezkoa eta onuragarria izango den akordio batera iritsi ahal izango garela", errepikatu du Cuerpok.