Mundua -
AEB
Bidenek Trumpen murrizketak kritikatu ditu boterea utzi zuenetik egin duen lehen agerraldian
"100 egunean baino azkarrago, administrazio berriak kalte eta suntsipen handia eragin du. Ikaragarria da", adierazi du agintari ohiak.
Agentziak | EITB MEDIA
Joe Biden AEBko presidente ohia (2021-2025) jendaurrean agertu da berriro, urtarrilean Etxe Zuria utzi zuenetik egin duen lehen ageraldian, eta Donald Trumpek agintaldi berrian egin dituen murrizketak kritikatu ditu.
Bidenek hitzaldia eman du Chicagon, Ezinduen Defendatzaile, Kontseilari eta Ordezkariek (ACRD, ingelesez) antolatuta, eta Gobernu errepublikanoaren aurka egin du, Gizarte Segurantzaren aurka "aizkora hartu" duelako.
"100 egunean baino azkarrago, administrazio berri honek kalte eta suntsipen handiak eragin ditu. Ikaragarria da", adierazi du agintari ohiak, eta Trumpek hartutako neurri batzuen ondorioen gaineko iritzia eman du, besteak beste, Gizarte Segurantzatik milaka langile publiko kaleratu izana hizpide.
"Franklin D. Rooseveltek Gizarte Segurantzaren sistema sortu zuenetik 90 urte igaro dira, eta jendeak beti jaso izan ditu beren txekeak. Gerretan, atzeraldietan eta pandemietan jaso dituzte. Baina orain, lehen aldiz, hori alda daiteke. Milioika familiari eta milioika pertsonari zorigaitza ekarriko lieke", gaineratu du.
Estatu Batuetako Gobernuaren Eraginkortasunerako Departamentuak (DOGE), Elon Muskek gidatuta, Gizarte Segurantzaren Administrazioaren bulegoak (SSA, ingelesez) itxi ditu, eta horren ostean egin ditu adierazpenok Bidenek.
Gainera, AEBren eta gainerako kide komertzialen arteko tentsioa agerikoa da, batez ere Txinarekin, muga-zergen politika dela eta.
Joan den martxoan irten lehen aldiz agintari ohia jendaurrean, Etxe Zuria utzi ostean. Jill Biden emaztearekin batera agertu zen, William Shakespeareren 'Otelo' antzezlanaren estreinaldian, New Yorken.