Mundua -
LGTBI+
Erresuma Batuko Gorenak ebatzi du "sexu biologikoa" dutenak soilik jo daitezkeela emakumetzat juridikoki
For Women Scotland emakume talde trans-baztertzaileak auzitara jo zuen Eskoziako Gobernuak erabaki zuenean emakume transak Berdintasun Legearen babespean zeudela. Auzitegi Gorenak argudiatu duenez, ordea, "biologikoki" emakume direnek soilik dute andrazkoen babeserako neurriak jasotzeko eskubidea.
Agentziak | EITB Media
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, 2010eko Berdintasun Legeak "biologikoki" emakume direnak soilik babesten ditu, eta ez andre transexualak edo pertsona intersexualak.
Emakume transexualak legearen babespean zeudela erabaki zuen Eskoziako Gobernuak, eta horren kontra egin zuen For Women Scotland (FWS) talde Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileak (TERF). Talde horri arrazoia eman dio orain Gorenak, aho batez eman ere.
Berdintasun Legeak dakarren "emakume" hitzaren definizio juridikoa jarri da ezbaian. Gorenak argudiatu duenez, "biologikoki emakume direnei bakarrik egiten die erreferentzia"; ez, ordea, sexu-aitortzaren ziurtagiria jaso duten emakume transei edota pertsona intersexualei. Hala, aurrerantzean, emakume transexualek ezingo dituzte jaso indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako laguntzak, eta ezingo dituzte erabili emakumeentzako dauden hainbat espazio (kartzelak, komunak edo aldagelak, besteak beste).
Epaileek ohartarazi dutenez, erabakia ezin da "batzuen edo besteen garaipentzat" hartu, eta gogora ekarri du 2010eko lege horrek bazterkeriatik babesten dituela pertsona transak.
Epaiaren berri ezagutu bezain laster, hura ospatzen hasi dira auzitegiaren aurrean bildutako FWS taldeko jarraitzaile transfoboak.
Borroka juridiko luze baten ondotik —J.K. Rowling "Harry Potter" liburu sortaren egileak 80.000 euro eman dizkio talde TERFari— etorri da Gorenaren erabakia, eta jurisprudentzia ezarriko du gaiarekin lotutako etorkizuneko auzietan. Bereziki 2018an egindako erreforma bati lotuta izan dira gatazkak, administrazio publikoan gizon eta emakume kopuru bera izan behar dela dion horretan, alegia.
Epaiak "argitasuna" emango du, Erresuma Batuko Gobernuaren arabera
Lehen balorazio batean, gobernu britainiarrak esan du Gorenaren epaiak "argitasuna eta konfiantza emango diela emakumeei eta erakunde publikoei, hala nola ospitaleei, ostatuei eta kirol klubei".
"Beti defendatu dugu sexu biologikoaren arabera bereizitako espazioak egotea", nabarmendu du exekutibo laboristaren bozeramaile batek. "Legeak sexuaren araberako espazio bereiziak babesten ditu, eta gobernu honekin ere hala jarraituko dute", erantsi du.