Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Epaile batek Trumpen aurka egin du agindu judizial bat desobeditzegatik eta pertsonak kanporatzeagatik

James Boasberg magistratuak El Salvadorreko kartzela erraldoira 200 migratzaile baino gehiago, gehienak venezuelarrak, bidaltzean atzera egiteko agindu judizial bati "mespretxuz" muzin egin izana leporatu dio Gobernuari.

Donald Trump AEBko presidentea eta Nayib Bukele EL Salvadorreko agintaria duela gutxi. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea eta Nayib Bukele EL Salvadorreko agintaria duela gutxi. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea eta Nayib Bukele EL Salvadorreko agintaria duela gutxi. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaile federal batek Donald Trump AEBko presidentearen Gobernua aurka egin du gaur, agindu judizial bati entzungor egiteagatik eta 200 pertsona migratzaile baino gehiago, gehienak venezuelarrak, El Salvadorreko kartzela erraldoira bidaltzeagatik.

40 orrialdetik gorako idatzi batean, James Boasberg epaileak Gobernuari leporatu dio migratzaileak El Salvadorrera bidaltzean atzera egiteko agindu judizial bati "gutxiespen osoz" muzin egin izana.

"Konstituzioak ez du onartzen agindu judizialak nahita desobeditzea, bereziki hori errespetatuko dutela zin egin duten funtzionarioen aldetik", azaldu du. Gobernuari gorteetako erabakiak "baliogabetzen" uzteak "Konstituzioari berari iseka egingo lioke", gaineratu du Boasbergek.

Iragan martxoaren 14an, gerra garaian erabilitako 1798ko Atzerriko Etsaien Legea baliatu zuen Trumpek, ehunka venezuelar kanporatzeko Tren de Aragua erakunde kriminaleko kide izatea leporatuta.

Legea aldarrikatu eta hurrengo egunean, Boasbergek araudia blokeatu zuen, pertsona migratzailez beteriko bi hegazkin El Salvadorrera zihoazenean eta hegaldi horiek itzultzeko agindu zuenean.

El Salvadorren espetxeratutako pertsonen senideak protesta egin zuten Caracasen (Venezuela). Argazkia: EFE

El Salvadorren espetxeratutako pertsonen senideak protesta egin zuten Caracasen (Venezuela). Argazkia: EFE

Hegazkinek ez zuten atzera egin, eta El Salvadorren lurreratu ziren, aurrekaririk gabeko borroka legala piztuz, non Trumpek magistratua epaiketa politiko batera eramateko asmoa agertu zuen.

Migratzaileak El Salvadorrera bidaltzeak hainbat arazo eragin dizkio Trumpen Gobernuari, eta nazioarteko erakundeek errefusatu egin dute.

Human Rights Watchek, joan den astean argitaratutako txosten batean, AEB salatu zuen. Pertsona horiek "desagertze behartuan" izatea leporatu zien gobernuz kanpoko erakundeak Washingtoni eta El Salvadorri.

Gainera, Estatu Batuetako hedabide askok frogatu dute El Salvadorrera kanporatutako pertsona gehienek ez dutela aurrekari penalik.

Washingtonek akordioa itxi zuen Nayib Bukele El Salvadorreko presidentearekin, AEBetan atxilotutako migratzaileak CECOTera bidaltzeko. CECOT giza eskubideak urratzeagatik behin eta berriz salatutako espetxea da.

Akordioaren zati gisa, Washingtonek sei milioi dolar ordainduko dizkio El Salvadorri espetxe sistemari eusteko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Latinoamerika Giza eskubideak Ultraeskuina